'Bateragune auzia'. Epaiketa

Rafa Diez atxilotzea LABen egoitzan sartu ostean erabaki zuen Poliziak

Polizia lekukoek aitortu dute operazioan ez zeukatela Rafa Diez, Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz atxilotzeko asmorik2009ko martxoko agerraldia ezin dutela Bateragunerekin lotu onartu dute poliziek

Rafa Diez eta Txelui Moreno, jendearekin hizketan, Auzitegi Nazionaleko atarian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Pello Urzelai.
Madril
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Polizia batzuen «burutapen» soil batzuek direla medio, posible daatxilotua izatea. Lekuko gisa deklaratu duten hainbat poliziak horrela ulertarazi dute Bateragune auziko laugarren saioan. Polizia operazioaren ardura izan zuen inspektoreak aitortu du auzipetuetako batzuk LABen egoitzara noizean behin joaten zirela ikusi bazuten ere ez zekitela zer egiten zuten, ezta elkarren artean biltzen ziren ere. Halaber, 2009ko urriaren 13ko egun hartan, hamar lagun atxilotu bazituzten ere, zazpi lagun atxilotzeko operatiboa prestatu zutela aitortu du, eta beraz, Rafa Diez, Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz ez zeudela «helburuen» artean.

Rafa Diezen defentsa abokatuaren galderei erantzunez, polizia inspektore eta diligentzien instruktore honek onartu du ez zutela eskatu Rafa Diezen telefonoaren entzuketak. «Ez zen operatiboaren parte, ez zegoen gure txostenean». Iñigo Iruinabokatuaren galdera zuzena izan da: «Zergatik atxilotzen dute orduan Rafa Diez, ez bazegoen atxilotzeko agindurik?». Ardura Donostiako operatiboa burutzen ari ziren kideei pasatu die. «Donostiako kideek eskatu zidaten epaileari egitea eskaera, haiek deitu zidaten, ekimena haiena izan zen».

Horrela baieztatu du pixka bat geroago Rafa Diez atxilotu zuen poliziak berak. «Plaka erakutsi nion, atxilotuta eta inkomunikatuta zegoela esan nion». Atxilotzeko agindurik erakutsi gabe, ez baitzeukan. «Operatiboaren buruak esan zidan atxilotzeko». Horixe izan da azalpen bakarra.

Polizia LABen egoitzara sartu zenean, Rafa Diez bere bulegoan zegoen, Arkaitz Rodriguezekin batera. Poliziak Arkaitz Rodriguez atxilotuta eraman zuen gela batera, eta Rafa Diez areto bateraune hartan egoitzan zeuden LABeko kideekin batera. Han zegoela joan ziren geroxeago atxilotzera, eta beste atxilotuak zeuden tokira eraman. Rufi Etxeberriaren kasua antzerakoa izan zen, Polizia LABen egoitzara sartu zenenean ez baitzeukan hura atxilotzeko agindurik. Amaia Esnalen kasuak irregulartasunak ditu. Polizia inspektoreak berak aitortu duenez, ez zegoen Amaia Esnalen telefonozko komunikazioak entzuteko agindurik, eta atxiloketa baino lau egun lehenago Poliziak Bateraguneri buruz egindako txostenean ez zen ageri. «Txosten horretan Amaia Esnal ez badago, zergatik zoazte lau egun beranduago bera atxilotxera?», galdetu dio Amaia Esnalen abokatu Arantxa Zuluetak poliziari. Honek ez du jakin erantzuten.

Nahas-mahasa Bateraguneren inguruan ere agertu da polizien lekukotasunean. Inspektorearen arabera, ikerketak Segurako operazioaren ondoren hasi ziren, Batasuneko Mahai Nazionalak jarraipenik ote zuen ikusteko. «Arnaldo Otegi beti izan da lehentasunezko helburua», aitortu du.

2009ko martxoaren 9an, ezker abertzaleko 14 kide ezagunen agerraldia izan zen, norabide aldaketa iradokitzeko eta estrategia eraginkor baten beharra aldarrikatzeko. Polizia txostenek diote prentsaurreko hori Bateraguneren aurkezpena izan zela, baina prentsaurreko horren zaintza egin zuten poliziek aitortu behar izan zuten inork ez zuela Bateragune aipatu agerraldi hartan. Are gehiago, inspektoreak berak onartu zuen hilabete bat beranduago ez zekitela nor egon zitekeen zuzendaritza edo koordinazio lanak egiten. Hain zuzen ere, 2009ko apirilaren 17an, Batasuneko ustezko buruzagiek Lasarten bildu behar zutela uste zuten eta operatibo bat antolatu zuten, baina Lasarten ez zen bilerarik egin. Egun horretan, auzipetuetako batzuk LABen egoitzara sartu zirela egiaztu zuten, baina ez zekiten zertara. «Ez genekien denak barruan zeuden, ez elkarrekin ote zeuden». Une hartan auzipetuak koordinazio egitura batekin lotzea «gure burutapenak baino ez ziren izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.