LABen VIII. Nazio Biltzarrean, Barañainen, Rafa Diez sindikatuko idazkari nagusi ohi eta Bateragune auziko presoaren gutuna irakurri du Txutxi Ariznabarretak, eta Diezek gogora ekarri du Arnaldo Otegi eta Bateraguneko gainerako auzipetu zein ezker abertzaleko beste kideekin "estrategia aldatzeko gogoetan murgildu" zenean, "blokeo egoera" zela nagusi eta "helburua hura bideratzea" zela.
"Blokeo horretan batzuk eroso zeuden, eta ezker abertzaleak modu autonomoan estrategia aldatzeak blokeoa haustea zekarren", azaldu du Diezek eskutitzean.
Haren arabera, eragile politiko batzuk garai berria atzeratzen eta trabak jartzen saiatu dira. "Baina hemendik aurrera pultsua eraikin berria altxatu nahi dutenen eta iraganera lotzen direnen artekoa izango da". Bateragune auziko epaia iraganeko indar horien garaipena izan bada ere, etorkizunean euren porrota izango dela nabarmendu du gutunean.
Diezek, Otegik eta beste batzuek gogoeta egin ondoren hasi zuen ezker abertzaleak barne eztabaida. 2009ko urrian atxilotu zituzten Diez-eta. Ezker abertzaleak 2009ko azaroan plazaratu zuen Altsasuko adierazpena eta 2010eko otsailean Zutik Euskal Herria. Sorturen estatutuak 2011ko otsailean aurkeztu zituen.