Rajoyk ziurtatu du 155a ezartzea dela aukera bakarra

Espainiako presidenteak ohartarazi du legea urratzeak "ondorioak" dituela, eta gobernuak 155aren aplikaziorako proposatu dituen neurriak onartu ditzala eskatu dio Senatuari. Rajoyk nabarmendu du Espainiako Estatuak duen hurrengo erronka dela independentisten "mehatxua" apaltzearren, herritar espainiarrak "mailakatzea" onartuko duen ala ez erabakitzea.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea haren hitzaldiaren aldekoen txaloak jasotzen, gaur, Espainiako Senatuan. CHEMA MOYA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 27a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak agerraldia egin du Sentatuan, gobernuak konstituzioaren 155. artikuluan oinarrituta Kataluniaren autonomian esku hartzeko proposatu dituen neurriak defendatzeko. Rajoyk neurri horiek onartu ditzala eskatu dio Senatuari. Ez zaio babesik faltako, PPk gehiengo osoa du eta. Rajoyk nabarmendu duenez, Madrilek ez bu beste aukerarik. "Legea urratzeak ondorioak ditu. Ezin da bestela izan", adierazi du. Argitu duenez, Senatuak baimena emanez gero, bozetara "ahalik eta lasterren" deitzea da bere asmoa.

Gobernuak proposatutako neurrien artean dira, hauteskunde autonomikoetara deitzeaz gain, Generalitateko presidentearen eta kontseilarien kargugabetzea, eta Kataluniako hedabide publikoetan eta Mossos d'Esquadran esku hartzea.

Neurri horien ardura Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari egotzi dio. "Berak erabaki zuen 155a ezartzeko prozesuak aurrera jarraitzea. Berak eta soilik berak", nabarmendu du. Rajoyren esanetan, independentzia deklarazioari uko egin ez izanagatik dagokio Puigdemonti 155a ezartzearen ardura. Bide hori sahiesteko aukera ugari eskaini dizkiola adierazi du Rajoyk, eta azaldu du 155a lehenago aplikatzeko arrazoiak bazituen arren, egoera "baldintza normaletara itzultzeko" aukerak zeudela uste izan duela urratsa ematea erabaki aurretik.

Espainiako Gobernuak elkarrizketarako saiakerak egin ditu, Rajoyren arabera. Aldiz, berari eskaini zaion elkarrizketa bakarra "Kataluniaren independentziaren baldintza eta epeei buruzkoa" izan dela salatu du. Gaineratu duenez, berak ezin du gai horren inguruan hitz egin. Bestalde, Puigdemonti aurpegiratu dio gaur Senatura joan ez izana, Generalitatearen jarrera defendatzera.

Hitzadiaren amaieran, Rajoyk oharra bota die independentismoaren aldarrikapenei eskaintza politikoarekin erantzutea defendatzen dutenei. Espainiako presidentearen esanetan, Espainiako Estatuak erronka garrantzitsua du aurrez-aurre: independentisten "mehatxua" apaltzearen truke, herritar espainiarrak "mailakatzea" onartu nahi duen ala ez erabakitzea.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.