Hezkuntzan murrizketak egiteko asmoa bistan jarri du Eusko Jaurlaritzak: itunpeko ikastetxeetan gela gutxiago ordaintzeko, aldatu egingo du legea datorren ikasturtetik aurrera. Kontzertazioetarako irizpideak gogortu egingo ditu, eta horrek zuzeneko eragina izango du: ikasleak pilatzea. Ikastolen Elkarteak ohartarazi du jadanik mahai gainean jarri dietela Haur eta Lehen hezkuntzan 27 ikasleko taldeak sortzea —gehienezko kopurua 25ean dauka legeak—, eta, Jaurlaritzak proposatutako neurri guztiak ezartzekotan, 35 estudiante ere pilatuko direla geletan. Beste ondorio bat izango du horrek: maisu-maistra gutxiago beharko dituzte itunpeko sarean, talde gutxiago izango dituzte eta.
Negoziatzen denbora daramate itunpeko sareko arduradunek eta Jaurlaritzak. Akordioa aurten arte zeukaten sinatuta, eta hurrengo lau ikasturteetarako plana zehazten ari dira. Mozketak jartzen ari da mahai gainean Gasteizko gobernua. Beste pare bat hilabetean behintzat negoziatzen jarraitu beharko dute Ikastolen Elkarteko ordezkari Jose Luis Sukiaren esanetan. Kristau Eskolak ere mahai horretan daude; «itxaropena» dute akordio bat egiteko.
Hizketan ari diren bitartean jarri ditu Isabel Zelaaren sailak mahai gainean murrizketa zehatzak: agindu bat kaleratu du aldizkari ofizialean, egungo ratioen sistema aldatzen duena. Zorroztu egin du. Itunean zenbat talde sartu, batez bestekoak erabiltzen dituzte: irakats-aldi bakoitzean talde bakoitzeko zenbat ikasle dagoen batez beste. Hori aldatu egin du Zelaak: orain arte, gutxienez hamazazpi estudianteko batez bestekoa eskatzen zuen Jaurlaritzak Haur eta Lehen hezkuntzan taldeak ituntzeko; gutxienez hogei beharko dira aurrerantzean.
Ikasleak pilatu egin beharko dituzte baldintza horiek betetzeko, baita gehienezko mugatik gora ere. «Esan digute hori bete ezean ez dutela talde hori itunean sartuko. Legezkoa izango da, baina logikoa ez», salatu du Sukiak. Ez du uste, ordea, aldizkari ofizialeko sistema jarraituko duenik Jaurlaritzak. «Sistema horren arabera, 35 sartu ahalko genituzke talde bakoitzean, eta hori ezinezkoa da gutxieneko kalitatea bermatzeko». Nolanahi ere, ratioak handituko direla ziurtzat jo du: 27-28 estudiante izango direla Haur eta Lehen hezkuntzan —oraindik eta gehiago Bigarren Hezkuntzan—.
Irakasleen postuak, kolokan
Egoera horretan, larrituta daude itunpeko ikastetxeetako beharginak. «Informazioa falta zaigu, panorama zein den jakitea», salatu du EILAS sindikatuko ordezkari Endika Rodriguezek. Onartu du Jaurlaritzak egingo dituela mozketak, harena dela erantzukizuna, baina kontuak eskatu dizkio patronalari ere, sindikatuak «aintzat hartu gabe» ari delakoan.
Aukera bat balegoke taldeei eusteko: patronalak berak bere gain hartzea itundu gabeko gelak. Ikastolen kasuan ezinezkoa dela erantzun du Sukiak, ez dutela baliabiderik. Rodriguez ere bat dator horrekin, uste baitu «jasanezina» litzatekeela egoera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasleen %49,8 ari dira itunpeko sarean. Haiek jasotzen duten heziketaren kalitatea kolokan jartzea egotzi dio EILASek Zelaari.
Lanpostuak daude jokoan egoera horretan. Herri txikietan izan dezake eragin handiena mozketak. Kristau Eskolek ez dute argitu zer neurri hartuko dituzten mozketen ostean; nabarmendu dute aspalditik daudela haien beharginak sare publikokoak baino «baldintza gogorragoetan». Ikastolek espero dute lantaldeari eutsi ahal izango diotela, lekualdatzeak-eta eginez; soldatei eusteko itxaropena ere badauka Sukiak.
Hezkuntza. Itunpeko sarea
Ratioak handitu dizkie Zelaak itunpekoei, mozketak egiteko
Hitzarmenetan zenbat talde hartu kalkulatzeko irizpidea gogortu egin du Jaurlaritzak; ikasleak pilatu beharko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu