Juan Jose Rego Vidal donostiar presoa oso gaixorik dago, baina ukatu egin diote kaleratzeko behar lukeen eskubidea, eta gose, egarri eta sendagai greba hasi du. "Nire pazientzia agortu da, ezin dut gehiago, medikamentuak eta guzti utziko ditut. Hau da dagoena, ezin dut gehiago", esan die bere senideei Rego Vidalek telefonoz.
69 urte ditu, eta hamabi urte daramatza preso. Leonen (Espainia) dute espetxeratuta, eta ez du beharrezko duen mediku asistentziarik jasotzen. Denbora luzez zain egon ondoren, gaur Donostiako Ospitalera eramatekoak ziren. Epaitegiak horretarako baimena emana zuen eta atzo hartuko zuen Donostiarako bidea. Atzo goizean, ordea, ez zutela ospitalera eramateko bidaia berezirik egingo jakinarazi zioten. Ez zutela Donostiara ekarriko hamar bat egun barrura arte. Orduan ekin zion Rego Vidalek protestari.
"Eraman nazatela hankak aurretik ditudala, niri dagoeneko ez dit axola. Tentsio handiegia da hau. Adarra jotzen ari zatzaizkit, ez dut beste erremediorik. Iraun behar duena iraungo du grebak", dio presoak.
Gaitz zerebrobaskularra du Rego Vidalek. Diabetesa eta hipertentsioa ere bai. Haren bikotekide Mari Luz Sebastianek azaldu zuenez, itsu geratzen ari da, eta belarri batetik ez du ezer entzuten. Ahoa ere oso gaizki du. Bi enbolia izan ditu espetxean eta, azkenaldian, sudurretik odol jarioa izaten du ia egunero. Oso-oso ahul dago. Hori dela-eta, sendagai ugari hartu behar izaten ditu presoak egunero-egunero. Baina sendagaiak hartu arren, espetxean ez du beharrezkoa duen mediku asistentziarik, eta bere osasun egoera egunetik egunera okertzen ari da.
Euskal presoak
Rego Vidal: "Nire pazientzia agortu da, ezin dut gehiago"
Oso gaixorik dagoen arren, 69 urteko donostiar presoak ez du beharrezko duen mediku asistentziarik jasotzen. Gose, egarri eta sendagai greba hasi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu