Renfe hasi da Irun eta Andoain arteko tren zerbitzua autobusen bidez ordezkatzen

Tren zerbitzua bi hilabetez egongo da murriztuta AHTaren lanengatik, eta autobus zerbitzuen bidez osatuko dute. Erabiltzaile batzuk kexu agertu dira zerbitzuaren kalitateagatik.

Erabiltzaile batzuk autobusetik jaisten, Andoaingo geltokitik bostehun metrora. BERRIA
Erabiltzaile batzuk autobusetik jaisten, Andoaingo geltokitik bostehun metrora. BERRIA
inaut matauko rada
2025eko uztailaren 25a
11:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurtik hasita irailaren 21era arte, Andoain eta Irun (Gipuzkoa) arteko Renferen tren zerbitzuen erabiltzaileek autobusez egin beharko dituzte bidaiak, trenbideak itxita egongo baitira abiadura handiko trenaren lanak direla eta. Renferen esanetan, bi hilabete horietan 8.000 autobus zerbitzu baino gehiago jarriko ditu martxan, trenez eman ezin duen zerbitzu hori ordezkatzeko.

Andoaingo geltokian, hainbat erabiltzaile kexu agertu dira zerbitzua dela eta. Izan ere, Andoaingo Gudarien Hiribidea, geltokia dagoen errepidea, itxita dago lanengatik, eta autobusak geltokitik bostehun metrora baino gehiagora ari dira geratzen. Hori dela eta, autobusen kanpoaldean Renfek arretarako jarri dituen langileekin hitz egitera joan dira hainbat erabiltzaile. Gonzalo izeneko gizon bat kexu da autobusetatik geltokira egin beharreko tarteaz, makuluak behar baititu ibiltzeko. «Distantzia hau oso luzea da niretzat, oso motel ibiltzen naiz», adierazi du. 

Murrizketek ez dute eragin bera izango bi hilabeteetan zehar. Aldiriko trenei dagokienez, uztailaren 25etik abuztuaren 3ra autobusez egin beharko da Irundik Andoainera bitarteko ibilbide osoa. Abuztuaren 4tik irailaren 7ra, Hernani (Gipuzkoa) eta Irun arteko tartea egin beharko da autobusez. Irailaren 8tik 21era, berriz, Pasaia (Gipuzkoa) eta Irun arteko zatia oztopatuko dute lanek.

Hala ere, autobusak ez dira tren geltoki guztietan geratuko. Irundik Andoainerako noranzkoan, Irun, Irungo Bentak, Lezo-Errenteria, Pasaia, Herrera, Intxaurrondo, Ategorrieta, Gros, Donostia, Hernani, Urnieta eta Andoain geltokietan geratuko dira autobusak; hau da, Loiola, Martutene eta Hernani Erdia geltokietan ez dira geratuko.

Distantzia ertaina eta luzea

Tarteko distantziako trenei ezberdin eragingo diete mozketek. Orokorrean, Irun eta Andoain arteko zatia egongo da moztuta, baina baita Irun eta Altsasu (Nafarroa) artekoaren tarte batzuk ere, eta zati horretan guztian jarriko dituzte autobusak erabilgarri. Irun eta Altsasu arteko bidaia autobusez egin beharko da abuztuaren 7tik 11ra eta abuztuaren 21etik 25era.

Madril-Irun eta Bartzelona-Donostia distantzia luzeko lineek ere moldaketa anitz izango dituzte, eta zerbitzua moztuko den lekuak aldatzen joango dira: Gasteizen, Tolosan (Gipuzkoa), Iruñean... Renferen webgunean ikus daitezke moldaketa guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.