Renfe tren konpainiak Lezo-Errenteria eta Irun (Gipuzkoa) arteko bi trenbideak erabili ahal izango ditu etzitik hasita, eta, ondorioz, aldirietako tren zerbitzu gehiago eskainiko ditu. Era berean, bertan behera utziko du distantzia erdiko tren zerbitzuetarako ezarria zuen autobus bidezko garraioa. Hala jakinarazi du Espainiako Garraioaren eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak.
Aldirietako zerbitzu guztiek trenez egingo dute ibilbidea, Irundik abiatzen den lehen trenak izan ezik. Lehen trenaren erabiltzaileek autobusez egingo dute Irun eta Lezo-Errenteria arteko bidea.
Renfek bi trenbideak erabili ahal izango ditu, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak bukatu baititu Gaintxurizketako tuneleko lanak. Espainiako Garraio Ministerioak gehitu du bukatu dituztela Astigarraga eta Irun arteko hirugarren trenbidearen lanak ere, abiadura handiko trenarentzat.
Renferen Gipuzkoako erabiltzaileek tren zerbitzuaren etenak eta murrizketak jasan behar izan dituzte azken hilabeteetan, obrengatik. Lezo-Errenteria eta Irun artean bide bakarra erabili dute Gaintxurizketako tuneleko obrek iraun duten bitartean. Espainiako Garraio Ministerioak nabarmendu du obrak eta tren zerbitzua batera egin ahal izan dituztela «TES makina berritzaileari esker».
Lanak oraindik ez dira bukatu, Loiolako tunela zulatzen ari baitira.