Richard Irazusta hil da, ABko bozeramaile ohia

Lizarrako akordioan parte hartu zuen, Abertzaleen Batasunaren ordezkari gisa. Azken urteetan Hendaiako hautetsi izan da, Kotte Ezenarro sozialistaren zerrendan. Eritasun luze baten ondotik hil da.

Richard Irazusta, Hendaiako auzapezorde zela, 2016an. ISABELLE MIQUELESTORENA
Richard Irazusta, Hendaiako auzapezorde zela, 2016an. ISABELLE MIQUELESTORENA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko maiatzaren 26a
18:30
Entzun 00:00:0000:00:00

«Bizitzan, pleinitu gaitezke edo engaiatu gaitezke, eta engaiatzea hautuak egitea da: nik engaiamendu hautuak egin ditut bizitza osoan». Gaur goizean hil da Richard Irazusta, 66 urterekin, eritasun luze baten ondotik. EMA Ezkerreko Mugimendu Abertzaleko kide, eta Abertzaleen Batasuneko bozeramailea izan zen 80ko hamarkadatik goiti. Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapez sozialistarekin bat egin zuen 2008tik aitzina.

Abertzalea zen Irazusta, eta mugimendu politiko batean baino gehiagotan ibili zen. EMAren sortzaileetarik bat izan zen. Talde horren izenean aurkeztu zen 1986ko eskualdeko hauteskundeetara. Gerora, ABren etiketapean aurkeztu zen Frantziako Asanblearako hauteskundeetara 1988an, 1993an, 1995ean eta 1997an.

Lizarra-Garaziko Hitzarmenaren izenpetzaileetarik bat izan zen ABren ordezkari gisa, Euskal Herriko hainbat alderdi politikotako, sindikatutako eta herri mugimendutako ordezkariekin batera, 1998ko irailaren 12an, Lizarran (Nafarroa). Harekin batera, ABko bigarren ordezkari gisa, Mertxe Colina ibili zen. «Haur denboratik elkar ezagutzen genuen. Eta, gero, bistan dena, lan egin genuen ABren garaian, eta ukan genuen, gainera, biziki xantza eder bat, gu biak izan ginela ABren izenean Lizarra-Garaziko akordioa izenpetu genuenak».

«Esperantza handiko» garai gisa oroitu du Colinak, eta kontatu du Irazustak ere gisa horretan bizi izan zuela. Orduan, jadanik ezagutzen zuten elkar, baina oraino gehiago lotu ziren bata besteari. «Gu ginen hor, nahiz eta ABko eta Ipar Euskal Herriko beste guztiak ondoan izan... Baina hori eraman dugu, eta biziki ederra izan zen». Eta gero «penagarria», Colinaren ustez, su-etena bertan behera geratu zelako.

Emozioak harturik, eta «pena handi-handia» zintzurrean, Colinak erran du elkarrekin bizi izan dituzten «momentu ederrak» atxikiko dituela, eta oroituko Irazusta izan den «inteligentzia fin-fineko pertsona, beti txistea beti momentu egokietan ekartzeko gaitasuna zuena». Eta borobildu nahi izan du: «Gora Richard! Milesker egin duzun guztiarentzat, eta, dena den, ez da bukatua, orduan segituko dugu. Izan zarelako izango dira».

Hendaian errotua

Haren engaiamendua Hendaiari lotu zuen usu, eta 2008an, Kotte Ezenarro Frantziako Alderdi Sozialistako auzapezaren zerrendan sartu zen. Hauteskundeak, baina, Battitte Salaberrik irabazi zituen; 2014an berriz ekin zion Irazustak, eta orduan gehiengoan sartu zen auzapezorde gisara. Haren ustez, Hendaia Zuekin zerrendan aurkezteak «elkartasunaren, partekatzearen, ekologiaren defentsaren eta euskal nortasunaren» alde egitea zekarren. Mertxe Colinak erran du ez zitzaiola hautu harrigarria iruditu Irazustaren partetik.

Azken urteetan Elkartasunaren, Bizitegien eta Administrazio Orokorraren ordezkari izan da Irazusta. «Sei urtez aitzina eraman dugun esperientzia konstruktiboa iruditu zait, positiboa, Hendaiako beharretara egokitua, eta uste dut segitu behar dela. Segitzeko gogoa dut, heldu diren 6 urteetan ere», adierazi zuen 2020ko urtarrilean herriko bozetarako kanpaina betean. Agintaldi bukaeraraino ezin izan da iritsi, ordea, azken momentura arte hautetsi lanak bete baditu ere.

Hiriko hautetsiak aurkezten zituen bideo batean, duela bost urte, erran zuen «egiazko xantza» dela Hendaian bizitzea; bertan sortua zen eta bertan handitua. «Baina edertasunetik harago, lan egin behar dugu bakoitzak lanbidea ukan dezan, bizitegi bat eta zerbitzu publikoetarako sarbidea. Badugu oraino zer eginik, eta jarraituko dugu».

Haurtzaindegi bat, ama etxe bat eta izaera sozialeko haur etxe bat biltzen zituen Angeluko (Lapurdi) egitura bateko zuzendaria izan zen Irazusta, erretretara sartu aitzin. Bi haur zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.