Rodions Kurucs Baskoniako jokalariak indarkeria matxista gutxietsiz egindako adierazpenak salatu dituzte Gasteizen

Onartezintzat jo dituzte jokalariak sare sozialetan eta hedabideetan zabaldutako mezuak, eta esku hartzeko eskatu diote Baskoniari. 2019an bikotekidea itotzen eta hari erasotzen saiatzeagatik atxilotu zuten Kurucs.

Adierazpenak salatzeko agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Adierazpenak salatzeko agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2026ko maiatzaren 30a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Rodions Kurucs Baskoniako jokalariak indarkeria matxistaren inguruan berriki egindako adierazpenak salatu dituzte gaur Gasteizko hainbat talde feministak eta kirol eragilek. Azaldu dutenez, indarkeria matxista gutxietsi du jokalariak sare sozialetan eta irratian egindako elkarrizketa batean. 2019an bikotekidea itotzen eta hari erasotzen saiatzeagatik atxilotu zuten Kurucs, eta horren harira adierazi du gizon asko «bidegabe errudun» jotzen dituztela eta abusua «bi norabideko fenomenoa» dela. Onartezintzat jo dituzte adierazpen horiek, eta esku hartzeko eskatu diote Baskoniari.

Salatu dute gisa horretako adierazpenak indarkeria matxista jasan duten andreen testigantzak zalantzan jartzeko erabiltzen direla, eta «benetako arazoa lausotzen» dutela. Horrelako diskurtsoak lau haizeetara zabaltzeak dakarren arriskuaz ere ohartarazi dute. Izan ere, gogorarazi dute Kurucs, goi mailako kirolaria izaki, pertsona publikoa dela eta milaka gazterengan eragin zuzena izan dezakeela. «Bereziki larria da horrelako mezuak oihartzun handia duen erreferentziazko kirolari batek zabaltzea. Ezin dugu onartu emakumeen aurkako indarkeria zalantzan jartzen duten diskurtsoak zabaltzea», adierazi dute, eta zera erantsi dute: «Horrelako mezuek ez dute lekurik ez Baskonian ezta Gasteizen ere». 

Indarkeria matxista ukaezina dela gogorarazi dute, eta hori zalantzan jartzeak ondorio politiko eta sozial «oso larriak» dituela ohartarazi: «Erasotzaileen inpunitatea indartzen eta emakumeen aurkako indarkeria betikotzen du». Horregatik guztiagatik, Baskoniari neurriak hartzea galdegin diote, eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera argi adieraztea. Sinatzaileen artean daude, besteak beste, Gasteizko Itaia, Indar Baskonia jarraitzaile taldea eta Amarauna Basket Fem kolektiboa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE