Rozalejo: oroimena barruan eta kanpoan

Rozalejoko jauregia ireki du Nafarroako Gobernuak, «memoria eta bizikidetza espazio» izan dadin. Inaugurazio ekitaldian, «oroitzearen garrantzia» azpimarratu du Txibite lehendakariak. Kanpoan, Erorien Monumentua eraistearen aldekoek protesta egin dute.

Ordezkari instituzionalak, Nafarroako Memoriaren Institutuko arduradunak eta Aranzadi elkarteko kideak, 'Objektuen memoria' erakusketa bisitatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ordezkari instituzionalak, Nafarroako Memoriaren Institutuko arduradunak eta Aranzadi elkarteko kideak, 'Objektuen memoria' erakusketa bisitatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2026ko abuztuaren 25a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Guztion etxea izan nahi du eraikin honek, memoria guztiak hemen baitaude gordeta». Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak, «hunkituta» egin die ongietorria Rozalejoren jauregira bertaratu direnei. Han izan dira, lehen lerroetan, gobernuko kontseilari ugari —Jose Luis Arasti, Mikel Irujo, Carlos Gimeno, Javier Remirez eta Fernando Dominguez, besteak beste—; parlamentuko talde gehienetako ordezkariak —Vox eta PP ez beste guztietakoak—; historialariak eta ikerlariak; eta elkarte memorialista batzuetako kideak. Erakundeetako eta gizarte zibileko ordezkaritza zabal bat, finean, Nafarroako «memoriaren eta bizikidetzaren espazio berria» bertatik bertara ezagutzeko.

Izan ere, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren egoitza izanen da Rozalejoren jauregia aurrerantzean. Oroimen historikoaren esparruan diharduten ikerlariek aukera izanen dute memoriari buruzko funts dokumentalak kontsultatzeko, eta, horrez gain, herritarrentzat ere zabalik egonen da eraikina, erakusketa areto gisa ere funtzionatuko baitu. Irailaren 1etik aurrera, erakusketak ikusi edo jauregia bisitatu nahi dutenak doan sartu ahalko dira, baina aurretik izena emanda.

Maria Txibite lehendakaria eta Paco Etxeberria auzi medikua, gaur, Rozalejoko jauregiaren inaugurazioan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Maria Txibite lehendakaria eta Paco Etxeberria auzi medikua, gaur, Rozalejoren jauregiaren inaugurazioan. IDOIA ZABALETA / FOKU

«Iragana ezagutu eta memoria historikoa landu ezean, eskuin mutur negazionistak eta haren konplizeek aurrera eginen dute» 

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Uneotan, bi erakusketa daude ikusgai: Objektuen memoria eta Eskolarako bideak. Lehena Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin antolatu du gobernuak, eta oinarritzat du 36ko gerran eta frankismo garaian fusilatutakoak identifikatzeko eta hobitik ateratzeko prozesua. Lurperatze horietan topatutako objektuek osatzen dute erakusketa: erlojuak, zapatak, tabako pipak, hortzetako eskuilak... Gaurko inaugurazioan, Paco Etxeberria auzi medikuak eta Aranzadiko beste zenbait kidek parte hartu dute, eta azalpenak eman dizkiete bertaratutako ordezkari politikoei.

'Objektuen memoria' erakusketan ikusgai dauden objektuetako batzuk. IDOIA ZABALETA / FOKU
'Objektuen memoria' erakusketan ikusgai dauden objektuetako batzuk. IDOIA ZABALETA / FOKU

Bisita gidatuaren ostean, hitza hartu dute Maria Txibite lehendakariak eta Ollo lehendakariordeak. Memoriaren garrantziaz hitz egin du Ollok, ez soilik iragana ulertzeko, baizik eta oraina «hain iluna izan ez dadin». Antzera mintzatu da Txibite ere: «Iluntasuna mehatxuka dugun garai hauetan, Rozalejoren gisako proiektuek argi apur bat eman ahal digute». Etorkizunari begirako memoria aldarrikatu du, eta nabarmendu eskuin muturra «arrisku latza» dela horri eusteko: «Iragana ezagutu ezean, memoria historiko bizi bat landu ezean, eskuin mutur negazionistak eta haren konplizeek aurrera eginen dute, eta amildegi arriskutsu batera arrastatuko gaituzte, zeinean askatasuna eta ongizatea apalagoak izango baitira, zeinean gizarte arrakalak sakonagoak izanen baitira, eta zeinean gutxi batzuk soilik izanen baitira irabazle».

«Hemen jasota egonen da Sartagudan fusilatutakoen memoria, baina baita terrorismoaren biktimena ere; gogoan ditugu hala ETAk hildako Alfredo Agirre Belaskoain nola Estatuko indarrek hildako Mikel Zabalza eta German Rodriguez» 

ANA OLLO Memoria eta Bizikidetza kontseilaria

Nafarroan urteetan pairatutako indarkeria politiko mota guztiak aipagai izan dituzte hala Txibitek nola Ollok, eta propio zerrendatu dituzte 36ko gerra, Francoren diktadura, ETAren indarkeria eta Espainiako segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek eginikoa. Memoria «integrala» aldarrikatu du Ollok, eta ziurtatu du Rozalejoko guneak «memoria guztiei» emanen diela aterpe: «Hemen jasota egonen da Sartagudan aita hil zioten Julio Sesmaren memoria, edota Josefina Camposena, eta Mirentxu eta Mikele Agirre ahizpena, baina baita terrorismoaren biktimena ere: besteak beste, ETAk 1985ean Iruñean hildako Alfredo Agirre Belaskoain haurraren familiarena. Gogoan izanen ditugu estatuko funtzionarioek praktikatutako indarkeriaren biktimak ere, hala nola Mikel Zabalza eta German Rodriguez».

Memorialisten eta gazteen protesta

Alta, Ollok eta Txibitek memoria osoaren aldarrikapena eginagatik ere, nabariak izan dira zenbait absentzia. Rozalejoren jauregiaz hitz egitean, adibidez, ordezkari instituzionalek ez dute aipatu 2017ko irailetik 2019ko urtarrilera bitartean zenbait gaztek eraikina okupatu zutela eta Maravillas gaztetxea zabaldu zutela bertan. Oharkabean pasatu den ohar bat baino ez Olloren diskurtsoan, zeharka aipatu baitu eraikinaren «iragan hurbil gatazkatsua».

Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko elkarte memorialisten protesta, Nabarreria plazan. CAIDOS ERAITSI
Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko elkarte memorialisten protesta, Nabarreria plazan. CAIDOS ERAITSI

Hain zuzen, ekitaldi instituzionalak iraun duen bitartean, zenbait pertsonak protesta egin dute Nabarreria plazan: alde batetik, Maravillas gaztetxearen aldeko pankarta zabaldu nahi izan dute zenbait gaztek, baina Foruzaingoak kendu egin die. Horren ordez, Josefina Lambertoren omenezko afixa erakutsi dute —Maravillas Lambertoren ahizpa zen Josefina, eta gaztetxearen alde agertu zen behin baino gehiagotan—.

Bestalde, Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen aldeko elkarte memorialistek ere elkarretaratzea egin dute plazan, eta gogorarazi dute «frankismoko biktimentzat egia, justizia eta erreparazioa bermatu ezean» ez dela benetako elkarbizitza lortuko: «Eta, hain zuzen, erreparazioa lortzeko bide bakarra da ikur frankista guztiak eraistea, Erorien Monumentutik hasita».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA