Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidearen ustez, "Espainiako Estatuak inposizio eta ukazio estrategiarekin jarraitzen du", ez du egin "demokraziaren aldeko apusturik", eta "ez du sartu nahi ideien arteko borrokan, galduko duen beldur baita". Hala esan du Onda Vasca irrati katean egin dioten elkarrizketa batean.
ETAk iazko urriaren 20an jakinarazi zuen jarduera armatua betiko bukatu duela, eta Etxeberriak gogoratu du ETAk duela aste batzuk desarmeaz eta desmilitarizazioaz hitz egiteko borondatea garbi agertu zuela. "Nazioarteko eragile batzuk ere horretan laguntzeko prest daude", azpimarratu du Etxeberriak. Aieteko Adierazpenak Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatzen die "gatazkaren ondorioak" jorratzeko elkarrizketan hasteko ETArekin.
Etxeberriak dio "egoera politiko berria" dela hau, batez ere ezker abertzalearen apustu estrategikoaren ondorioz gertatu dela aldaketa, baina, haren arabera, oraindik ezin da esan egoera "normalizatua" denik. Kasu, ezker abertzaleko hainbat kide "politika egiteagatik" preso edo auzipetuta dauzkatela adierazi du.
"Konponbiderako plan integral bat" behar dela iritzi dio, "gaztakaren ondorioei eta arlo politikoari eusteko". Aitortu du "Gasteizko Parlamentua aro berri batean" sartu dela, baina nabarmendu du konponbiderako gune bakarra ez dela hura. EH Bilduk dinamika desberdinak uztartzeko lan egingo du, Etxeberriaren esanetan.
Datozen urteetan ere Hego Euskal Herriaren batasuna izango du ezker abertzaleak "lehentasuneko bat". "Lau lurraldeak hartuko lituzkeen esparru juridiko bat sortzearen alde lan egingo dugu bi parlamentuetan".