Ruiz: "Ez dugu atzerapausorik onartuko"

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozermailean, gaur, Nafarroako Parlamentuko inbestidura saioan. IñIGO URIZ, FOKU
Ane Eslava.
2019ko abuztuaren 1a
07:08
Entzun

"«Guk herritarrekin daukagu konpromisoa". Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentariak horrela azaldu du koalizio horrek zergatik erabaki duen Maria Txibiteren inbestidura ahalbidetzea. Ezetz bozkatu zuten atzo, baina gaur abstentziora joko dute bost parlamentarik. Ruizek ohartarazi duenez, edonola ere, horrek ez du esan nahi PSNrekin konpromisorik hartu dutenik. Ziurtatu du oposizioa egingo dutela: "eztabaidatzeko prest" daudela, baina "aurrean" izango dituztela. "Ez dugu atzerapausorik onartuko".

2011n Yolanda Barcinaren inbestidura saioan esandako hitzak errepikatuz abiatu du mintzaldia Ruizek: "harro" daudela EH Bildu parlamentuan egoteaz, eta "ilusioz eta konpromisoz" erantzungo diotela herritarren babesari. Salatu du, ordea, gauza batzuk berdin daudela 2011n eta orain; zehazki, sozialistek ez dutela onartu EH Bildu aintzat hartu behar dela eskuinari aurre egiteko: "Hori erakusten dute aritmetikak eta sen onak". Horrekin lotuta, "politika fikzioa" egin izana leporatu dio Ruizek Txibiteri.

Hautagai sozialista "elkarbizitzaren eta elkarrizketaren" alde mintzatu da hitzartzean, eta Ruizek aurpegiratu dio EH Bildu baztertu egin duela negoziazioetatik. Nabarmendu du "marra gorri" bakarra jokabide hori izan beharko litzatekeela: "Harrokeria, sektarismoa eta bazterketa". Hitzetatik harago, agindutakoa ekintzen bitartez erakusteko eskatu dio EH Bilduk Txibiteri: "Ez ezazu errepikatu konfiantza hitza: irabaz ezazu". Ruizek ohartarazi du alderdi sozialistak aldarrikatutakoaren "kontrakoa" egin izan duela orain arte, eta esandakoa benetan egiteko eskatu dio: "Hitzak haizeak eramaten ditu".

Ruizek berretsi du gaurko bozketan abstentziora joko duela EH Bilduk. Nabarmendu du sakon hausnartu dutela zer egin: barne prozesu baten ostean hartu dute abstentziorako erabakia —koalizioko kideen artean kontsulta egin dute—, eta Ruizek ohartarazi du ez diotela botoa emango ez PSNri, ez gobernuari. Inbestidura ahalbidetzeko hiru arrazoi daudela adierazi du: "Nafarroako erregimenaren berrosaketa" eragoztea, Navarra Suma gobernuan ez sartzea, eta "giltza" izanik lortuko duten posizioaz baliatzea. "Guk lanean jarraituko dugu Nafarroa demokratikoago, burujabeago eta duinagoaren alde".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.