Sabino Arana fundazioak jakinarazi du aurten nortzuk sarituko dituen: Eduardo Anitua mediku, ikertzaile eta zientzialari gasteiztarra; Enrike Zelaia musikari, musikagile eta folklorista; Bera Bera eskubaloi kluba; Etxeondo enpresa; Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentzia (UNRWA); eta Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohi eta Sabino Arana fundazioko presidente ohia. Gizartearen alde eginiko lanagatik eta gaitasunagatik nabarmendu diren pertsona, erakunde eta kolektibo ospetsuak aintzatesten dituzte sariotan. Banaketa hilaren 25ean egingo dute, Bilboko Arriaga antzokian.
Arantxa Tapia Sabino Arana fundazioko presidenteak eta Ignazio Etxeberria idazkariak azaldu dute zergatik erabaki duten eragile horiek saritzea.
Anitua doktorearen ibilbide bikaina goretsi nahi dute, «munduko erreferente esanguratsuenetakoa delako ahoko inplantologian eta medikuntza birsortzailean», Tapiak esan duenez. Gainera, BTI Biotechnology Institute erakundearen sortzaile eta zuzendari zientifikoa da —Gasteizen egoitza dauka erakunde horrek—. Sari hau emanda, Sabino Arana fundazioak eskerrak eman nahi dizkio «aurrerapen zientifikoan egindako ekarpenagatik eta komunitatearekiko loturagatik, lana Euskaditik garatuz eta euskal lurraldearen izena bioteknologia globalaren maila gorenera igoz».
Zelaia saritzea erabaki du, berriz, «soinu musikaren eta kulturaren bitartez euskal nortasuna ikertzen, berreskuratzen eta zabaltzen egindako lan oparo eta funtsezkoagatik». Haren ekarpena bikoitza izan dela esan du Tapiak: «Identitarioa —eragile nagusia izan da Altsasuko inauteriak berreskuratzen eta hango momotxorroak nazioartekotzen— eta musikala, hauspo edo eskusoinu herrikoiaren aurrekaririk gabeko errepertorio musikala sortu, duindu eta zabaldu duelako; besteak beste, Zazpiak bat antologiaren bidez. Nafarroatik garatutako lana da zutarria, komunitateak parte hartzeko estrategia berritzaileetan oinarritua».
Bera Bera eskubaloi taldearen lan erreferentziala ere azpimarratu du Tapiak: «Donostian, 1983an, sortu zenetik, emakumezkoen eskubaloiaren erreferentea izan da Bera Bera Eskubaloia, eta palmares paregabea du klubak —bederatzi liga, zortzi kopa eta hamar superkopa—, Donostiaren, Gipuzkoaren eta Euskadiren irudia bultzatu du nazioarteko kirol esparruan, eta, gainera, emakumezkoen eskubaloiaren inguruko zaletasun sendoa erein».
Etxeondo enpresa ere sarituko dute: «1976. urtetik ehungintzako jakintza eta txirrindularitzarekiko grina uztartu ditu» Gipuzkoako enpresa horrek, eta «gaur egun goi mailako kirol modaren nazioarteko erreferentea da».
«Mundu bidezkoagoa»
Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslarientzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) Sabino Arana saria merezi izan du. Azaldu dute zein den erakunde horren eginkizuna: milioika iheslari palestinarren hezkuntza, osasuna eta babesa bermatzea. «Guztiz bat dator euskal abertzaletasunaren tradizio humanista, solidario eta demokratikoarekin». Sariketa honekin, analisi zabalago bat ere eman du Tapiak: «UNRWA aintzatestea, batik bat, Gazako berealdiko krisi humanitarioaren inguruabarrean Euskadik mundu bidezkoagoa, aurrerakoiagoa eta solidarioagoa eraikitzeko daukan bokazioa berrestea da, bokazio hori garrantzi handiko keinu politiko eta etiko bihurtuz».
Juan Mari Atutxa EAJko kide historikoa ere sarituko dute ekitaldi honetan, «ibilbide instituzional bikainagatik, indarkeria garaian erakutsi zuen kemenagatik, bizikidetza demokratikoaren aldeko apustuagatik eta Sabino Arana fundazioan buru-belarri aritzeagatik», Tapiak azaldu duenez.