Elkartasuna

Saharar herriaren askatasunaren aldeko martxa abiatu dute Irunen

Hego Euskal Herrian egingo diren bi ibilbidek lurraldeko hainbat puntu igaroko dituzte datozen egunetan, bakoitzean jarduerak antolatuz

Martxa aurkezteko agerraldia, Irunen. @LAB_NAZIOARTEA
Iñaki Agirre Perez.
2021eko maiatzaren 20a
13:59
Entzun

Saharar herriaren kausarekin bat datozen hainbat elkarte, sindikatu eta erakundek Mendebaldeko Sahararen askatasuna aldarrikatzeko martxa abiatu dute gaur Irunen. Ekainaren 7ra bitarte, Hego Euskal Herriko hainbat puntu igaroko dituzte, bakoitzean jarduerak antolatuz, eta ordutik aurrera Madrilerako bidea egingo dute, han Espainiako Estatuko zutabeekin bat egiteko.

Egitasmo honekin, Afrikako herrialdeak lau hamarkada luzez jasan duen Marokoren okupazioa salatu eta herrien arteko elkartasunari dei egin nahi diote. Gaur Irunen eginiko agerraldian azaldu dutenez, «Mendebaldeko Saharak, Espainiako antzinako probintziak, 45 urte baino gehiago daramatza erbestealdi, errepresio eta okupazioan murgilduta, nazioarteko zuzenbidearen araberako irtenbiderik gabe», eta egungo «gerra egoeraren» amaiera eskatzeko, martxaren aldarriak jasotzen dituen zortzi puntuko manifestu bat aurkeztu dute parte hartzaileek.

Idatzi horretan, «Marokoko armadak saharar biztanleria zibilaren aurka egindako erasoak» gaitzesteaz gain, Euskal Herriko enpresek Mendebaldeko Saharan egiten duten «espoliazio jarduera» gelditzeko eskatu dute, horrek «sahararren oinarrizko eskubideen zapalketa sistematikoaren konplize zuzenak» bilakatzen dituela argudiatuz, eta horiek salatzeko deia egin diete lurraldeko alderdi eta sindikatuei.

Halaber, Espainiak Afrikako herrialdearen potentzia administratzaile gisa dituen betebeharrak «behingoz» bete ditzala exijitu diote Madrilgo gobernuari, Marokoko armadara bideratutako armen salmenta eta donazioak etetearekin batera, eta preso politiko sahararrak «lehenbailehen» aske geratzeko bitartekaritza bat eskatu dio.

Bestalde, nazioarteko komunitateari ere mintzatu zaizkio, giza eskubideen nazioarteko behatzaileen, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta NBEko Giza Eskubideen Goi Komisarioaren Bulegoaren premiazko esku hartzea eskatuz, Marokok Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan egin dituen «gizateriaren aurkako krimenak» salatu eta amaiera eman diezaieten.

Bi ibilbide eta hainbat jarduera

Gaur Irundik abiatu den martxak Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako hainbat herri igaroko ditu, eta ekainaren 6an Gasteizera iritsiko da. Nafarroan, berriz, ekainaren 4tik 7ra bitarte egingo dute ibilbidea, Berriozartik Los Arcosera. Bi ibilbide horietan igaroko dituzten herriak eta egingo dituzten jarduera guztiak Saharar Herriaren Askatasunaren Martxak duen webgunean kontsultatu daitezke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.