Saharar jatorriko pertsona baten kontrako erasoa salatu du Saharako ordezkaritzak

Ismael Ahmed Salemi mahai inguru batean parte hartu ostean eraso zioten, eta «Gora erregea!» oihukatzera behartu zuten, Marokoko Mohamed VI.a erregeari erreferentzia eginez. Ertzaintzan salaketa jarri du Ahmedek.

Mendebaldeko Sahara bitan zatitzen duen murruak 2.720 kilometro luze ditu. GRITOS CONTRA EL MURO
Mendebaldeko Sahara zatitzen duen murruaren artxiboko argazkia. GRITOS CONTRA EL MURO
inaut matauko rada
2026ko urriaren 22a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal herritar musulmanen bizipenak partekatu zituzten mahai inguru batean asteartean, Bilbon. Hainbat alorretako 80 pertsonek hartu zuten parte jardunaldietan, eta horietako bat izan zen Ismael Ahmed Salem, Saharar jatorriko euskal herritarra. Bada, gaur Euskal Herrian Mendebaldeko Saharak duen ordezkaritzak adierazi du jardunaldiaren ostean hainbat pertsonen artean jipoitu egin zutela. Horrez gain, hitzezko bortxa ere jasan zuela salatu du Ahmedek, eta «Gora erregea!» oihukatzera behartu zutela ere; Marokoko Mohamed VI. erregeari erreferentzia eginez.

Saharar ordezkaritzak zabaldu duen oharraren arabera, Ahmedek salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean. Antza, pertsona batzuek metalezko botilekin jo zuten, baita ukabilekin ere, eta jotzeari uzteko baldintza gisa jarri zioten «Gora erregea!» oihukatzea. Ordezkaritzak uste du «indarkeriazko, larderiazko eta umilaziozko ekintza bat» izan zela, «haren osotasun fisikoa ez ezik, duintasuna, nortasuna eta adierazpen askatasuna» urratu zituztelako.

Ordezkaritzak azaldu du Ahmed «egonkor» dagoela, nahiz eta une larriak igaro: «Bere herriaren alde eta askatasunaren eta autodeterminazioaren aldeko borroka zilegiaren alde ahotsa altxatzen jarraituko du».

Motibazio politikoa

Oharrean azaldu dutenez, herenegun jazotakoa ez da indarkeria ekintza soil bat bakarrik, gertatutakoak «larderia politikoko osagai kezkagarria agerian» uzten duelako. Izan ere, uste dute eraso hori Ahmeden nortasunagatik eta Mendebaldeko Saharako kausarekiko duen konpromisoagatik egin zutela.

Hori dela eta, Mendebaldeko Saharako ordezkaritzak eskatu du gertatutakoa sakon ikertzeko, batez ere ebazteko jazotakoaren atzean motibazio politikorik dagoen edo ez. Ahmedi babesa adierazi dio elkarteak, eta esan dute Euskal Herriko saharar komunitateak segurtasun bermeak behar dituela. Azkenik, Euskal Herriko erakundeei eta eragile sozialei eskatu die gertatutakoa gaitzesteko.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA