Datu deigarri bat azaleratu berri du CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren memoriak: iaz Nafarroan bikotekideen edo bikotekide ohien tratu txarrengatik salaketa jarri zuten emakumeen %57,9 atzerrian —Espainiako Estatutik kanpo— jaioak ziren. Kontuan izanda Nafarroako biztanleen %13 inguru direla atzerritarrak, kezkatzekoa da andrazko etorkinek datuotan hainbesteko pisua izatea, baina tentuz aztertu beharreko kopurua da, adituen arabera. «Bortizkeria ezin da naziotasunarekin lotu. Genero indarkeria oso konplexua da, aldagai askok eragiten dute», adierazi du Esther Fernandez Arjonillak, emakumeen aurkako indarkeriako Iruñeko auzitegiko epaileak. Emakume migratuak zaurgarriak direla ohartarazi du Sara San Julian Casok, Nafarroako Berdintasun Institutuko indarkeriaren alorreko zuzendariak: «Oro har, sare sozial eta familiar txikiagoa daukate, eta baliteke horrek bultzatzea laguntza poliziala edo judiziala eskatzera». Cristina Bastidas ikerlariak erantsi du sarritan salaketa ihesbide bakarra dela andre horientzat: «Beste irtenbiderik ez dutenean salatzen dute, aurrez denetik eginda».
Migratutako 2.004 andrek jarri zuten iaz salaketa Nafarroan, eta bertako 1.455ek. Ohikoa izaten da atzerriko emakumeak proportzioan gehiago izatea datu horretan, baina %50 baino gehiago izatea, ez. 2024an, %47,6 izan ziren Nafarroan, hau da, iaz baino ia %20 gutxiago; eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere langa horren azpitik eutsi diote: %46,7 izan dira bi urteotan. Gorabehera horiei erreparatuta, datua «koiunturala» izan daitekeela uste du San Julianek, eta beste kopuru batzuk ere aintzat hartzera deitu du: «Salaketek ez dute emakumeen aurkako indarkeriaren dimentsio osoa adierazten». Aipatu du, adibidez, indarkeria matxistaren biktimen arreta integralerako zerbitzuetan bertako emakume gehiago artatzen dituztela —%56 Lizarra eta Tuterakoan, %60 Tafallakoan, eta %63 Iruñerriari eta Nafarroa iparraldeari dagokionean—, eta %59 direla sexu indarkerien arreta zentroan ere; aldiz, iaz harrera etxeetan izandako emakumeen %31 baino ez ziren bertakoak.
«Emakume migratuek, oro har, sare sozial eta familiar txikiagoa daukate, eta baliteke horrek bultzatzea laguntza poliziala edo judiziala eskatzera»
SARA SAN JULIAN CASO Nafarroako Berdintasun Institutuko indarkeriaren arloko zuzendaria
Hala, datu horiek, atzerriko emakumeez ez ezik, bertakoez ere hitz egiten dute, San Julianen hitzetan: «Askotan emakume autoktonoek uko egiten diote salaketaren bideari, prozesu luzea delako, emozionalki zaila, birbiktimizatzeko arriskua dagoelako, eta beste estrategia eta sare batzuk dituztelako indarkeria egoerei aurre egiteko». Alboan du Iruñerrian eta Nafarroako iparraldean biktimei arreta ematen dien taldeko koordinatzailea, Maider Apestegia Sarasibar. Biktimen estigmaz mintzatu da: «Biktimaren etiketa jartzea eragotzi nahi dute. Egoera sozioekonomiko onean dauden emakumeek abokatu bat bilatzen dute, psikologo bat, eta salaketarik jarri gabe banatzen dira».
Bestelakoa da andrazko migratuen ibilbidea: «Oro har, oso kalteberak dira, estrukturalki: hizkuntza arazoak dituzte, baliabide ekonomiko gutxiago, zailtasunak etxebizitzarekin, administrazio egoera irregularrean daude batzuetan... Arreta zerbitzuetan, irudipena dugu beste ihesbiderik ez dutenean jartzen dutela salaketa, egoera sostengaezina edo oso arriskutsua delako, eta horixe dutelako modu bakarra babes motaren bat jasotzeko, nahiz eta arreta zerbitzuetan ez den salaketarik eskatzen». Ildo horretan, Apestegiak azaldu du etorkinek konfiantza dutela instituzioetan: «Lehen, esaten zen salatzeko beldur zirela, kalte egin ahal zielako, baina ikusten ari gara emazte horiek babes sare bat aurkitzen dutela erakundeetan. Izan ere, ustelkeria handia dagoen herrialdeetatik datoz asko, eta kontatzen dute han salaketa jartzeak egoera okertu zuela, ez zituztela babestu; hemen segurtasun sentsazio handiagoa dute».
Presio komunitarioa
Datuek adierazten dute emakume atzerritarrek bertakoek baino joera handiagoa dutela salatzeko, baina, paradoxikoki, oztopo gehiago ere badituzte. Hala ondorioztatu du Cristina Bastidasek bere tesian, Nafarroan bortizkeria matxista jasan duten emakume latinoamerikarren bizipenak aztertuta: «Balio tradizional, familiar eta komunitarioak oso errotuta dauzkate, zentzu txarrean: bikotekidearengandik banatzea eta hura salatzea porrota da haientzat, uste dute seinalatu egingo dituztela eta seme-alabak aitarik gabe uzteaz akusatuko dituztela». Ez dira irudipen hutsak, halako mezuak modu askotan jasotzen baitituzte: «Emakumeen inguruko presio komunitarioa oso handia da batzuetan. Senideek edota lagunek sortzen dute: ohartarazi ordez abusuak edo indarkeria jasaten ari direla, esaten diete bakarrik geratuko direla banatzen badira edo salaketa jartzen badute».
«Emakumeen inguruko presio komunitarioa oso handia da. Senideek edota lagunek sortzen dute: ohartarazi ordez indarkeria jasaten ari direla, esaten diete bakarrik geratuko direla»
CRISTINA BASTIDAS Ikerlaria
Eta erasotzaileak batu egiten dira presio horretara: «Esaten diete berriro izan daitezkeela zoriontsu... eta emakume batzuek sinetsi egiten diete. Asko familia desegituratuetatik datoz: autoestimua falta zaie, eta maitasuna promesten dien lehenarekin elkartzen dira. Horrek oso egoera zaurgarrian uzten ditu: pertsona horrek zu maitatzea eta errespetatzea espero duzu, ez indarkeria erabiltzea». Apestegiak erantsi du indarkeriaren zikloa bereziki gogorra dela andre horientzat: «Sarri, harremanak intentsitate handiz bizi dituzte, eta maitasun erromantikoaren ideiak kalte handia egiten die. Beldurrez etortzen dira, zalantzaz, ‘ez dakit utzi nahi dudan’...».
Gizarte patriarkal gogorretatik datozen emakumeentzat, gainera, zailagoa da bortizkeria bera identifikatzea. Apestegiak esplikatu du andre askok jaioterrian sexu indarkeria jasan dutela umetan edo nerabetan, eta oso hurbileko gizonak izan direla erasotzaileak, gainera: «Lotsa eta erru handiz bizi dute hori. Bizipen oso gogorrekin etortzen dira, eta indarkeria naturalizatuta edukitzen dute txikitatik. Beraz, gerora, helduaroan bortxazko harreman bat dutenean, nolabait ez badie hainbesteko sufrimendua eragiten, indarkeria minimizatu egiten dute». Migrazio prozesuan talka hori gertatzen dela berretsi du Bastidasek: «Hemen etxeko lanak parekidetasunez banatzeko joera handiagoa dago, baina Latinoamerikan gehiago kostatzen da: emakumeek egin behar dute dena. Eta haientzat zaila da horretaz ohartzea, auzitan jartzea, rolak ez normalizatzea».
«Bizipen oso gogorrekin etortzen dira, eta indarkeria naturalizatuta edukitzen dute txikitatik. Beraz, helduaroan bortxazko harreman bat dutenean, minimizatu egiten dute»
MAIDER APESTEGIA SARASIBAR Iruñerriko eta Nafarroa iparraldeko biktimen arreta taldeko koordinatzailea
Diagnostiko hori bat dator Fernandez Arjonillak egunero auzitegian ikusten duenarekin. Bereziki gogoan du indarkeria matxistagatik egindako epaiketa bat, eta andre latinoamerikar batek emandako testigantza: «Biktimaren ahizpak oso ondo azaldu zuen jatorrizko herrialdean normaltzat zeuzkaten jokabide batzuk ez zirela normalak, eta hori ahizparen erlazioan ikusi zuela. Asko aguantatzen dute, hain zuzen esaten dietelako asko aguantatu behar dutela». Agindu patriarkal horiei eta mendekotasun ekonomikoari maiz gehitzen zaizkie arazo ekonomikoak, epailearen arabera: «Bertako emakumeek, oro har, ez dute salaketarik jarri nahi lotsa ematen dielako; atzerritarrek, berriz, ez dutelako beste laguntzarik, eta eurek bakarrik ezin dutelako familia aurrera atera».
Sarri eraso fisiko baten ondoren ematen dute salatzeko pausoa. Espainiako Gobernuak emakumeen aurkako indarkeriaz 2024an argitaratutako makroinkesta aipatu du San Julianek: «Datuek diote bikote barruko indarkeria fisiko edo sexuala handiagoa dela atzerrian jaiotako emakumeen artean. Ez da salaketez ari, baizik eta eraginaz: emazte etorkinei gehiago erasaten die. Haiek ere errazago identifikatzen dute: ‘Hau ezin dut onartu’». Eta kolpeek aztarna fisikoak uzten dituzte maiz. «Arreta zerbitzuetara ere emakume asko iristen dira mediku txostenekin, osasun zerbitzuetatik bideratuta. Bertako profesionalak generoan trebatzen ari dira, eta aurrerapausoak ikusten ari gara: gero eta kasu gehiago detektatzen dituzte osasun etxeetan», nabarmendu du Apestegiak.
Epaiketa azkarretan
Baina salaketa jarri osteko bidea ere ez da erraza. Askotan erretiratu egiten dutela berretsi du Fernandez Arjonillak: «Damutu egiten dira». Epaileak azaldu du halakoetan epaiketa azkarrak egitea hobesten dutela: «Eraso fisikoa kalean izan bada, posible da lekukoren bat izatea, edo txosten medikoa; eta horrekin urruntze agindu bat lor dezakegu, eta harremana hautsi. Azken batean, biktima gehienek ez dute erasotzailea hondoratzea nahi, baizik eta bortizkeria amaitzea, bakean utz ditzatela». Auzibidea garatzeak eta epaiketara jotzeak, ordea, prozesu luzea ekarriko luke, bizpahiru urtekoa, eta peritu frogak konplexuagoak dira, besteak beste, zailagoa delako indarkeria psikologikoa eta ohiko tratu txarrak egiaztatzea. «Eta badakigu biktima askok ez luketela prozesu osoa aguantatuko. Beraz, froga gehiago biltzeko aukerarik ikusten ez badugu eta biktima galdu nahi ez badugu, egunean bertan ebazten dugu».
Izan ere, zigor txikiak ezartzen zaizkie halakoetan erasotzaileei, baina indarkeria matxistagatik jarritako kondena guztietan derrigorrezkoa da urruntze agindu bat indarrean sartzea. Hori ere problematikoa dela aitortu du Fernandez Arjonillak: «Ohikoa da aldentze agindua urratzea, bi aldeek onartuta, emakumeak oso lotuta daudelako erasotzaileekin». Adibide bat jarri du: «Emakume bat haserre betean etorri zitzaidan, senarra harrapatu zutelako aldentzea urratzen: hiru seme-alaben zaintzarekin laguntzera joan zitzaion». Andreen «motxilak» kontuan izatera deitu du, «ulertu behar baita zer eska dakiekeen eta zer ez», baina zigor zuzenbidea irmoa dela gaineratu du: «Horrelako egoera askotan ez du konponbiderik ematen, konponbidea beste baliabide edo zerbitzu batek eman beharko luke eta; baina halakorik ez badago edo ez eraginkorra ez bada, zigor zuzenbideak esku hartu behar du».
«Biktima askok ez lukete prozesu osoa aguantatuko. Beraz, froga gehiago biltzeko aukerarik ikusten ez badugu eta biktima galdu nahi ez badugu, egunean bertan ebazten dugu, epaiketa azkarraren bidez»
ESTHER FERNANDEZ ARJONILLA Emakumeen aurkako indarkeriako Iruñeko auzitegiko epailea
Mugimendu feministak eta indarkerian adituek ere aspaldi ohartarazia dute indarkeria matxista desagerrarazteko egiturazko neurriak hartu behar direla aurrez, besteak beste, prebentzioan, hezkuntzan, harremanak eraikitzeko mekanismoetan. Eta ahalduntzean, Cristina Bastidasen hitzetan: «Emakumeek hezkuntza afektiboa jaso behar dute, autoestimua hobetzeko, segurtasuna areagotzeko, halako erlazioetatik askatu ahal izateko. Eta gizonek formakuntza behar dute: biktimario asko biktima izan dira».
Baina berandu denerako, andreak bortxa egoeretan direnerako, Sara San Julianek oroitarazi du arreta zerbitzuetara jotzeko ez dela salaketarik behar: «Baliabideen sarea mugatua da, eta beti hobetu daiteke, baina emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako zerbitzuetan ez da salaketarik eskatzen arreta emateko: emazte guztiak artatzen dira, edozein dela ere haien egoera administratiboa».

