Bidaxunen (Baxenabarre) bizi diren bi etorkin gaztek jarrera arrazista bat pairatu behar izan zuten iragan martxoaren 24an. Gizon batek bere burua sakelekoarekin grabatu zuen herriko itzulia egiten ari zela, erakutsi nahiz bi mutilek konfinamendua ez zutela errespetatzen. Irain arrazistak oihukatuz eta mehatxatuz hurbildu zitzaien bi mutilei, eta ondotik, bideoa sare sozialetan zabaldu zuen.
Bidaxuneko Solidaris elkarteak berehala salaketa jarri zuen jendarmerian; «bi gazteen aurkako bideo diskriminatzaile, arrazista eta bortitz bat grabatu eta zabaltzeagatik». Solidaris elkartea arduratzen da bi adingabekoez, Bidaxunen aterpetuak direlako. Elkarteak azaldu du bi gazteak internet gabeko etxe batean bizi direla, eta herriko plazako wifia eskuratzerat etorriak zirela.
Pirinio Atlantikoetako departamenduko Haurtzarorako Gizarte Laguntza zerbitzuak aferaren berri izan orduko, salaketa jarri du, bi gazteetariko baten ardura duelako. Jendarmeriak gizonaren aurkako instrukzioa zabaldu du, «irain arrazista» eta «arrazakeriazko herrara akuilatzea» egotzita.