Etxebizitzaren alorreko zenbait gizarte eragilek salatu dute Burlatako familia bat (Nafarroa) kale gorrian geratzeko arrisku bizian dela: ostegun honetarako programatua dago etxegabetzea, eta hura gelditzeko deia egin dute PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Berriozarko Plataformak, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Haritu sindikatuak.
Iragan ostiralean, Burlatako Udalaren osoko bilkuran izan ziren hiru eragileok, eta, egoera salatzeaz gain, elkarretaratzea egin zuten udaletxearen parean. Kontuak eskatu zizkieten udal agintariei, «etxegabetzearen gaineko ardura zuzena ez duten arren», uste baitute «etxebizitzaren arazoaren konplize» direla, «negozioa finantzatzen dutenez gero».
Hiru taldeen arabera, adingabeak dituen familia bat kale gorrian geratzeko arriskua ikusita, instituzio publikoen ardura da konponbide bat bilatzea: «Ez ditzatela eskuak garbitu esanez ez dutela baliabiderik».
Etxegabetzea gelditzeko deia
Hori dela eta, borrokan segitzeko deia egin dute, «benetako alternatiba bat mahai gainean ez dagoen bitartean». «Ez dugu onartuko familiaren bizi baldintzak are gehiago okertuko dituen alternatiba faltsurik».
Harituk, Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak eta Etxebizitza Sindikatuak dei egin dute heldu den ostegunean Burlatan elkartzera, familia horren etxegabetzea gelditzen saiatzeko. 09:00etarako egin dute deia, San Frantzisko kaleko 6. zenbakian.