Donostiako Ilargi tabernatik ikurrina, bandera gorria eta amnistiaren bandera lapurtu zituzten astelehenetik astearterako gauean, eta Herria tabernatik, berriz, ikurrina, gau berean; justu gau horretan bertan jokatu zuen Munduko Futbol Kopako partida bat Espainiako selekzioak, eta Ilargi tabernaren jabeek horrekin lotu dute: «Argi dugu eraso hau Euskal Herriaren zapalkuntza nazional zein soziala betikotu nahi dutenen eskutik datorrela».
Gizon batek argazki bat jarri du sare sozialetan, eta, bertan, puskatutako ikurrina bat, euskal presoen aldeko banderak eta bandera gorri bat zapaltzen ageri da. Tabernako kideek nabarmendu dute ez dutela horrelakorik onartuko: «Argi diogu horrelako erasorik ez dugula onartuko eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borrokan jarraituko dugula».
«02:45ean, hiru lagunek ikurrina kendu dute Herria tabernatik. Zenbait herritarrek balkoietatik errieta egin diete gertatutakoaz ohartzean», adierazi diote Herria tabernako kideek Irutxuloko Hitza-ri. Dagoeneko beste bat jarri dute: «Herri honi gainerako herrialdeekin berdintasunean lehiatzeko selekzio bat izateko aukerarik ematen ez dioten berberek lapurtzen dituzte gure ikurrak; ez dute nahi gure sinboloak inon agertzea, baina jai dute! Ikurrina berriro gure mastan dago, eta beti egongo da bertan».