ESK sindikatuak eta Arabako Salhaketa elkarteak salatu dute Gasteizko Txagorritxu ospitalean espetxe erregimenean dauden amek eta haien jaioberriek tratu «krudel eta ankerra» pairatzen dutela. Bi erakundeen arabera, Osakidetzako erakunde sanitario integratuak (ESI) ezarritako barne protokoloak ama eta haurra «bereiztera» behartzen du. «Inolako arrazoi mediko edo justifikaziorik gabe, giza eskubideak eta haurrak babesteko nazioarteko irizpideak urratzen dira». Txagorritxu ospitaleko atarian eginiko prentsaurrekoan egin dute salaketa ESKko eta Salhaketako kideek, gaur goizean.
ESK eta Salhaketaren esanetan, amak erditzen direnetik hasten da «eskubideen urraketa». Indarrean duten prozeduraren ondorioz, zuzendaritzak jaioberria amarengandik «banatzen» du: jaioberria ama ez dagoen beste unitate batera lekualdatu eta «arazo sozial» gisa katalogatzen du. Bitartean, erditu berri den ama espetxe unitatean «bakartzen» dute, zaintzapean. Bi erakundeek salatu dute amek ez dutela «inolako intimitaterik» haurra ikusteko edo bularra emateko garaian, baimendutako bisita «erregimen zorrotz baten mende» egoten direlako.
«Inolako arrazoirik gabe seme-alabak estigmatizatzen dira, eta sufrimendua besterik ez zaie gehitzen amek dagoeneko jasaten dituzten baldintza gogorrei»
BLANCA SAEZ DE IBARRAErizain pediatrikoa eta ESK-ko bozeramailea
Neurriak ez direla «ausazkoak» nabarmendu dute; izan ere, aurtengo martxoan berrikusi eta onartu da Espetxe erregimeneko ama jaioberri baten aurrean jarduteko prozedura jarraibidea. Gainera, «tratu txarrek» ospitaletik irten ondoren ere jarraitzen dutela ohartarazi dute bi erakundeek: «Kartzelara itzultzean, amak agiri bat sinatzera behartzen dituzte, ospitalean alta ematen dieten egunean jaioberria zeini emango zaion adierazteko».
Blanca Saez de Ibarra ESK sindikatuko bozeramaileak —erizain pediatrikoa ere bada— jardunbide hori kritikatu du: «Inolako arrazoirik gabe seme-alabak estigmatizatzen dira, eta sufrimendua besterik ez zaie gehitzen amek dagoeneko jasaten dituzten baldintza gogorrei».
Ospitaleko zuzendaritza, «isilik»
Hori ikusita, ESKk eta Salhaketak idatzi ofizial bat erregistratu zuten irailean Txagorritxu ospitaleko zuzendaritzarentzat. Hartan, bi aldaketa eskatu zituzten: batetik, egungo prozedura berehala «bertan behera» utz dezatela, eta, bestetik, jaioberriak amaren ondoan egon ahal izan daitezela ospitaleko egonaldi «osoan» zehar. Ospitaleko zuzendaritzak emandako erantzun bakarra, ordea, «isilik» geratzea izan da, Saez de Ibarrak salatu duenez.
Erakundeek gogorarazi dute jarduteko moduak estatuko eta nazioarteko araudiak «hausten» dituela, batez ere OME Osasun Mundu Erakundeak emandako eta UNICEFek Edoskitze Laguntza Humanizatzeko Ekimenean jasotako gomendioak. Horregatik, ohartarazi dute zuzendaritzak protokoloa «berehala» kentzen ez badu bide juridikotik joko dutela eta salaketa jarriko dutela Adingabeen Fiskaltzaren aurrean.