Gasteizko Alde Zaharreko familia bat etxegabetu nahi du Black Stone inbertsio funtsak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaur salatu duenez. Abenduaren 2rako ezarri dute etxegabetzea, eta, sindikatuaren arabera, bi adingabe dituen familia bat kalean geratuko da, bizitzeko beste alternatibarik gabe. Hori dela eta, etxegabetzea berehala eta behin betiko geldiarazteko eskatu du sindikatuak, baita familiari etxebizitzaren egoera erregularizatzeko aukera emateko ere.
Etxebizitza sindikatuak gaur arratsaldean egin du salaketa hori Gasteizko Alde Zaharrean deitu duen agerraldian. Sindikatuko kideek azaldu dutenez, hipoteka exekuzio baten ondoren igaro zen etxebizitzaren jabetza Black Stone inbertsio funtsaren eskuetara. Urte luzez hutsik eta egoera txarrean egon ondoren, bizitzeko beste aukerarik ez zuen familia bat sartu zen etxebizitzan, eta zaharberritu egin zuen. Ordutik, hainbat urtez bizi izan da bertan. Denbora horretan, familiak eta sindikatuak etxebizitzaren egoera erregularizatzeko ahaleginak egin dituzte, baina, sindikatuaren esanetan, inbertsio funtsak «ezezkoak» emanez eta «presioa» eginez erantzun du. Hain zuzen ere, funtsak familiaren aurkako prozedura judiziala abiatu izana da horren erakusle.
Epaitegiek Black Stoneren alde egin dute, eta familia etxebizitzatik ateratzeko agindua eman. Sindikatuak salatu du erabakia hartu dela familiak beste bizitoki alternatibarik izan gabe, eta, horregatik, Gasteizko Udalari zuzenean eskatu dio esku hartzeko eta etxegabetzea eragozteko.
«Etxebizitza, negozioa espekulatzaileentzat»
Sindikatuaren arabera, kasu honek agerian uzten ditu etxebizitzaren krisiaren bi aldeak: «Langileentzat ezegonkortasunaren, pobretzearen eta bazterkeriaren iturri dena negozio aukera da espekulatzaileentzat eta errentistentzat». Black Stone ez ezik, etxegabetzeari bide eman dioten epaitegiak, errentisten aldeko legeak, agindua betearazten lagunduko duen Polizia eta egoera eragozteko neurririk hartu ez duten erakundeak ere jo ditu erantzuletzat sindikatuak. Hala, udalari ohartarazi dio abenduaren 2an familia kalean geratzen bada bere erantzukizuna ere izango dela.
«Etxebizitza ezinbesteko baliabidea da bizitzan aurrera egiteko, eta pertsona guztientzat bermatua beharko luke eskubide horrek», azpimarratu du sindikatuak. Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko, espekulazioa debekatzea, espekulatzaileak desjabetzea eta etxebizitza beharren arabera planifikatzea proposatu du. Hala, hutsik dauden etxebizitzak, negozioetarako erabiltzen direnak eta jabe handien esku daudenak kalte ordainik gabe desjabetzearen alde agertu da.
Era berean, azaroaren 11ko greba orokorrean parte hartzeko deia egin du. Sindikatuaren iritziz, etxebizitzaren arazoa ez da konponduko alderdi politikoen «adabaki eta apurren bidez», langile klasearen antolakuntzaren eta borrokaren bidez baizik.