Urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, eskolak ematea erabakia zuten bi ikastolak behintzat: Oiartzungo Haurtzarok eta Ibarrako Uzturpek (Gipuzkoa). Alabaina, BERRIAk jakin duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohartarazi zien «ondorio penalak» izan zitzaketela, gaur eskolak emanez gero.
Itziar Saizarrek, Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendariak, kontatu du gertatutakoa. Azaldu duenez, euskal egutegiaren aldeko apustua egin dute ikasturte honetan. Ikusten zuten urtean-urtean gero eta langile gehiago joaten zirela urriaren 12an eta abenduaren 6an —Espainiako Konstituzioaren Eguna— lanera; orduan, bozkatzea erabaki zuten, eta langileen %80k babestu zuten egun horiek lanegun izendatzea. Errektore Kontseilura ere eraman zuten ebazpena, eta familien babesa jaso zuen bertan. Hauxe erabakia, beraz: urriaren 12an eta abenduaren 6an eskolak ematea, eta, trukean, jai egitea maiatzaren 28an —Elbira Zipitriaren jaioteguna— eta abenduaren 3an —Euskararen Nazioarteko Eguna—.
Baina Hezkuntza Sailaren deia ailegatu zitzaien: «Ez dakigu familia baten salaketagatik-edo izan den, baina ikuskariak ikastolara deitu zuen, eta esan zigun ezin genuela jaiegun ofizialetan eskolarik eman; esan zuen delitua zela eta ondorio penalak jasan genitzakeela, egun horietan eskolak emanez gero».
«Ikuskariak ikastolara deitu zuen, eta esan zigun ezin genuela jaiegun ofizialetan eskolarik eman»
ITZIAR SAIZAR Ibarrako Uzturpe ikastolako zuzendaria
Hori horrela, «atzera» egitea erabaki zuten: «Ez genekien ondorio penal horiek zer izan zitezkeen: isunak, ituna kentzea... Ikastola txikia gara, eta jasan genitzakeen ondorioak ekonomikoak baldin badira, ezin genien aurre egin».
Eskolarik ez, hortaz, baina ikastolan 180 lagunetik gora batu direla nabarmendu du: langileak, familiak, ikasleak...: «Hasieran, pentsatu genuen eskolak ematea eta auzolana egitea, eta, azkenean, auzolana bakarrik egin dugu, baina sekulako arrakasta eduki du». Urtean zehar egin ezin diren lanak egiteko probestu dute: «Paretak margotu ditugu, kanpoan umeek hondarrarekin jolasteko egitura batzuk-eta egin ditugu, terraza garbitu dugu, paletekin txoko batzuk sortu ditugu DBHko ikasleak lasai egoteko, landaketa lanak egin ditugu HHko ikasleekin... Oso-oso pozik gaude».
Beste batzuetan ere, ateak zabalik
«Urriaren 12a Ikastolen proiektuak partekatzen ez dituen hainbat gertaera ospatzeko eguna da: kolonialismoa; inperialismoa; arrazakeria; eta, oro har, herri, kultura eta hizkuntza txikien eta gutxituen kontrako jarrera eta ekintzak. Horrez gain, Euskal Herria eta euskalduntasuna ukatzeko tresna ere bada Hispanitatearen eguna», adierazi du Bergarako Aranzadi Ikastolak (Gipuzkoa).
Hori horrela, eskolak eman ez, baina ateak zabaldu ditu, eta, besteak beste, «egutegi propioa eraikitzeko bideari ekiteko» bilera bat egin dute ikastolako familiek, ikasleek eta profesionalek: «Aranzadi ikastolaren komunitateak mugimendu bat sortu nahi du, eskola egutegi propioa eraikitzeko, ikastolaren balioekin bat etorriko dena eta herri, kultura eta hizkuntza txikien eta gutxituen errealitatea bistaratu eta babestuko duena».