Salatu dute higiezin enpresa batek jazarri egin diela Iruñeko zenbait bizilaguni, etxetik alde egiteari uko egin ziotelako

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, protesta egin dute Mercaderes kaleko 18. zenbakiaren parean. VDR enpresaren jokabidea txarretsi dute: «Etxetik bota nahi gaituzte, 11 pisu turistiko eraikitzeko».

Mercaderes 18ko bizilagunen eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldia, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Mercaderes 18ko bizilagunen eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren agerraldia, gaur, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2025eko azaroaren 3a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Obra hondakinak pasabideetan pilatuta, igogailua itxita, ur beroa etenda, eta Interneterako sarbiderik gabe. Iruñeko Mercaderes kaleko 18. zenbakiko bizilagunek eragozpen ugari pairatu dituzte azken hilabeteetan. Etxebizitza bloke osoa Vidaurre Group enpresarena da, eta 11 pisu turistiko egin nahi ditu bertan. Helburu hori lortzeko bidean, baina, oztopo zaizkio eraikinean maizter bizi direnak. Bizilagunek etxetik alde egiteari uko egin ziotenean, «jazarpeneko praktikak» hasi ziren. Gaur egin dute agerraldia, Mercaderes kaleko blokearen atarian, gertatutakoa salatzeko. Bizilagunekin batera, agerraldian izan dira Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak ere.

«Vidaurre Groupek hilabeteak daramatza guri eskaintzak egiten, pisuak utz ditzagun», adierazi dute bizilagunen ordezkariek: «Azken eskaintzari ezetz esan eta hurrengo egunean, enpresak lizentzia eskatu zuen igogailuan obra batzuk egiteko. Obra zalantzagarriak, langileak ez baitira ia inoiz etortzen». Obra horiek arazo ugari eragin dizkiete, gainera: «Hilabete baino gehiago daramagu igogailurik gabe eta etxeko atarira sartzeko arazoak ditugula, obretako hondakinak bertan utzi baitituzte. Gainera, ez dakigu noiz bukatuko diren lanak. Enpresak entzungor egin die gure eskaera guztiei, eta jabe gisa dagozkion funtzio batzuk betetzeari utzi dio: obrei eta epeei buruzko informaziorik ez emateaz gain, bizilagun batzuek zenbait hilabete daramatzate ur berorik gabe, eta beste bizilagun batzuei eragotzi egin diete Interneterako sarbidea».

Sindikatuko ordezkariek gaineratu dute turismoaren negozioak «eragin kaltegarriak dakarzkiela langile klaseari eta ingurumenari», eta kalte horien artean aipatu dituzte bizilagunak etxetik kanporatzea, lan baldintza prekarioak areagotzea eta prezioak garestitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.