Salatu dute hiru gizonek sexu erasoa egin diotela adin txikiko neska bati Zumaian

Erasoa larunbat gauean gertatu zen, eta biktimak igandean aurkeztu zuen salaketa, Zarauzko polizia etxean. Zumaiako Mugimendu Feministak manifestaziora deitu du ostiralerako.

Emakume batek jasandako sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Emakume batek jasandako sexu erasoa gaitzesteko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
edurne begiristain
2026ko urriaren 7a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Larunbat gauean, hiru gizon gaztek sexu erasoa egin zioten adin txikiko neska bati Zumaian (Gipuzkoa). Zumaiako Mugimendu Feministak, gertatutakoaren berri eman, eta ostiralerako protestara deitu ditu herritarrak.

Biktimak igandean aurkeztu zuen salaketa, Zarauzko polizia etxean. Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertakariak argitzeko, eta, jakinarazi dutenez, «eraso fisikoa» eta «sexu erasoa» dira ikerketaren ardatzak. Zumaiako Udaltzaingoa laguntzen ari da ikerketan, erasoa gertatu zenean herriko kamerek grabatutako irudiak bilduz eta aztertuz.

Zumaiako Mugimendu Feministak elkartasuna eta babesa helarazi dizkie erasoa jasan duen adin txikikoari eta haren gertukoei. Erasoa dela-eta haserrea adierazi, eta nabarmendu du emakumeek etxera itzultzean sentitzen duten beldurra ez dela «asmatutako» zerbait eta halako kasuak ez direla «bakanak».

Mugimendu feministak, era berean, herritarrei eskatu die indarkeria matxistaren aurka inplikatzeko. Bereziki gizonen erantzukizuna azpimarratu du, eta eskatu die beren jarrerak aztertzeko, ingurukoen jokabideak zalantzan jartzeko eta erasoetan konplizitaterik ez izateko.

Manifestazioa ostiralean

Erasoa salatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera erakusteko, Zumaiako Mugimendu Feministak manifestazio batera deitu du etziko. Mobilizazioa 18:00etan abiatuko da, Zumaiako Beheko plazatik. Feministek parte hartzera deitu dituzte herritar guztiak, eta indarkeria matxistari «elkartuta» erantzun behar zaiola nabarmendu dute.

Zumaiako Udalak ere gaitzetsi egin du asteburuan gertatutakoa, eta «babes eta elkartasun osoa» adierazi die erasoa jasan duen adin txikikoari eta haren ingurukoei. Udalak jakinarazi du biktimaren eskura jarriko dituela bere esku dituen baliabideak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, erasoa «irmoki» gaitzetsi du adierazpen instituzional batean, eta gertutasuna eta elkartasuna adierazi dizkio emakumeari. «Askatasuna eta pertsonaren osotasun fisikoa eskubide bortxaezinak dira; eskubide horien aurka egiten duten jokabideek ez dute lekurik gure gizartean. Horrelako gertakarien jatorria gizonen eta emakumeen arteko berdintasun faltan dago, emakumeak mendean eta kontrolpean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistetan, hain zuzen», dio diputazioak kaleratutako oharrak. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA