Salatu dute Iruñeko 190 etxek babes ofizialeko izateari utziko diotela 2027an

Ezkaba auzoko bizilagunek protesta egin dute Nafarroako Gobernuari «egiturazko erantzunak» eskatzeko: «Ezar ditzatela legezko mekanismoak diru publikoarekin eraikitako etxeak merkatu librera irits ez daitezen azkenean».

Ezkabako bilagunen protesta, gaur, Nafarroako Jauregiaren parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ezkabako bilagunen protesta, gaur, Nafarroako Jauregiaren parean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko apirilaren 29a
14:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Ezkaba auzoko 190 etxebizitzak babes ofizialeko izateari utziko diote datorren urtean, eta, hori salatzeko, auzo horretako hainbat bizilagunek eta LAB sindikatuak protesta egin dute gaur Nafarroako Jauregiaren parean. Ezkaban konponbidea! Alokairu publiko eta sozialak! Etxebizitzaren negozioa eten! leloak zituen pankarta erakutsi dute, eta bilera bat eskatu diote Begoña Alfaro Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilariari.

Jaime Iribarrenek, LABeko Ekintza Sozialeko arduradunak, kontatu du «datorren urtean sortuko den arazo horrentzat» konponbideak eskatu nahi dizkiotela Alfarori. Gogorarazi du azken urteetan etxebizitza askok galdu dutela babes ofizialeko izaera Nafarroan, eta gehiago izango direla datozen urteetan. «Iraganean UPNk eta PSNk egindako etxebizitza politika okerren ondorioa da», iritzi dio.

«Kalifikazioa galtzeak atea irekitzen die alokairuen igoera neurrigabeei, kontratu ezegonkorrei eta, azkenean, kaleratzeei»

MARTA VARELA Ezkabako bizilaguna

Bizilagunen komunikatua Marta Varelak irakurri du, auzokide batek, eta esan du kalifikazioaren galera ez dela banakako arazo bat, baizik «egiturazko erantzunak eskatzen dituen lehentasunezko gatazka sozial bat». Nabarmendu duenez, «190 etxebizitza horiek kalifikazioa galtzeak atea irekitzen die alokairuen igoera neurrigabeei, kontratu ezegonkorrei eta, azkenean, orain han bizi garen familion kaleratzeei».

«Familia asko laguntza publikoei esker bizi gara etxe horietan. Gure diru sarrerekin ez dugu sarbiderik merkatu libreko etxeetara», azpimarratu du bizilagunen bozeramaileak, argi utziz, etxeek babestuak izateari uzten badiote, ezingo dutela han bizitzen jarraitu: «Egoera horrek agerian uzten du etxebizitza politika publikoen egiturazko kontraesana: etxe eskubidea oinarrizkoa dela diote, baina horretarako erabilitako tresnek eskubide hori ahultzea eragiten dute».

Mobilizazio iraunkorrak

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuari «berehalako neurri ausartak» eskatu dizkiote, Ezkabako etxebizitzek alokairu sozialekoak izaten segitu dezaten: «Ezar ditzatela legezko mekanismoak diru publikoarekin eraikitako etxebizitzak merkatu librera irits ez daitezen azkenean. Etxebizitza parke publikoa handitzea eta erakunde publikoek kudeatzea ere galdegin dute, «prezioak herritarren egiazko ekonomiara egokitzeko eta dinamika espekulatiboak eragozteko».

Amaitzeko, «mobilizazio iraunkorrei» ekingo dietela iragarri dute bizilagunek: «Antolatu egingo gara gure etxeak, gure bizitzak eta auzoan bizitzen jarraitzeko gure eskubidea defendatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA