Salatu dute Jaurlaritzak Torturaren Aurkako Eguneko ekitaldiak atzeratu dituela

Egiari Zor-en arabera, Justizia Sailaren azalpena da «alderdien konfrontaziorako elementuak sortzea eragotzi» nahi duela

Dozenaka torturatuk otsailean Donostian eginiko agerraldia. A. CANELLADA / FOKU.
jon olano
2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Egiari Zor fundazioak haserrea adierazi du, ekainaren 26rako Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira programatuta zeuden ekitaldi batzuk ez dituztelako egingo. Zehazki, fundazioak jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak azaldu zion asmoa zuela giza eskubideen urraketen biktimak aitortzeko ekitaldi instituzional bat egiteko, eta ekainaren 26an egin nahi zutela, Donostiako Kursaal jauregian, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat eginez.

Gogora institutua ere torturaren aurkako jardunaldi batzuk egitekoa zen bere egoitzan, Bilbon, ekainaren 20tik 22ra bitartean. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan Kriminologiaren Euskal Institutua egitekoa den saioan, asmoa da 2017an argitaratu zuten ikerketari buruzko bigarren zatia aurkeztea.

Haatik, Egiari Zor-en arabera, Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak jakinarazi dio noiz arte zehaztu gabe geroratuko dituztela ekitaldi horiek, eta azalpena da «alderdien konfrontaziorako elementuak sortzea eragotzi» nahi duela, aintzat hartuta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egitekoak direla.

Trataera asimetrikoa

«Jaurlaritzak eta hura babesten duten alderdiek sustatu eta parte hartu izan ez balute bezala iragan berri den hauteskunde prozesuko beste polemika interesatu batean», erantsi du fundazioak, gogora ekarriz memoriari buruzko webguneak erretiratu zituztela udalerri batzuetan. Webgune horiek ziren torturaren biktimen «aitortza instituzional bakarra», fundazioaren esanetan; horregatik, fundazioko patronatuak atsekabea azaldu du: «Uste dugu interes alderdikoiak direla, hain justu ere, ekitaldiok atzeratzeko arrazoia. Eta ez du kontuan hartzen aitortza eta erreparazioa eman nahi zien senide horien oinazea».

Areago, uste dute torturaren biktimek «luzaroan eskatutako» ekitaldiak atzeratzeak biktimen «trataera asimetrikoan sakontzen» duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.