Salatu dute matrikulazioa aldatu arren Jaurlaritzak itunpekoa babestuko duela

Euskal Eskola Publikoaz Harro-k ohartarazi du ikasle kalteberak sareen artean banatzeak haiek estigmatizatzeko arriskua eragiten duela

Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren agerraldia, atzo, Bilbon MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bi aste eskas barru hasiko da, otsailaren 13an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2023-2024ko ikasturterako matrikula egiteko epea. Aldaketak izango dira, Eusko Jaurlaritzaren esanetan, segregazioa murrizteko. Ordea, mesfidati mintzatu zen atzo Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma Bilbon egin zuen prentsaurrekoan. Bi alderditatik hitz egin zuen. Batetik, «kezka» adierazi zuen ikasleak onartzeko prozesu berriaz: «Irakaskuntza pribatu-itunduaren aldeko planifikazioan oinarrituta jarraituko du matrikulazio prozesuak, hezkuntza itunak blindatu baitituzte». Bestetik, sare publikoan matrikulatzera animatu dituzte gurasoak.

Aparteko beharrak dituzten ikasleentzat lekuak gorde beharra: horixe da Jaurlaritzak matrikulazioan egin dituen aldaketen artean nabarmenena. Plataformaren esanetan, horrek erakusten du «azkenean» onartu duela «gizarte justiziako arazo bat» dagoela —segregazioa, alegia—. Baina: «Arazoaren kausari aurre egin beharrean, sintomari baino ez dio heltzen». Izan ere, haien irudiko, bi sareen arteko ikasleen banaketa «onartezina» ez da sintoma bat baino, eta horren atzean dagoen arrazoia «pribatu-itunduaren presentzia izugarria, ituntze maila ia erabatekoa, eta haren praktika txarren gaineko kontrol falta» da. Beste bide bat proposatu dute: «Kontua ez da mota bateko edo besteko ikasleak banatzea, dakarren estigmatizazio arriskuarekin, egungo eredu duala blindatzen jarraituta, baizik eta eskola publikoen sare orekatu eta indartsu bat eraikitzea».

Halaber, eskola leku gehiegi eskaintzen direla uste dute, eta, azaldu dutenez, ikasleen onarpenari buruzko dekretuak bazekarren gehiegizko eskaintza saihesteko asmoa; hura garatzeko gerora atera zuten aginduak, ordea, ez. «Horrek zuzenean kalte egiten dio sare publikoari, eta murriztu egiten du, leku publikoak sortu beharrean itunpeko sareari nahi adina hazten utzi zaiolako».

Publikoaren defentsa

Balorazioa egitearekin bat, gurasoak animatu dituzte seme-alabak sare publikoan matrikulatzera: «Apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren alde».

Dozena bat eragilek baino gehiagok babestu dute Euskal Eskola Publikoaz Harro-ren dokumentua: besteak beste, EHIGEk, Heizek, Ikasle Abertzaleak taldeak eta Ikamak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.