Salatu dute Txagorritxuko larrialdietan ez dagoela «kalitatezko arreta» emateko adina langile

Larrialdietako profesionalek manifestazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino. 2022an Santiago ospitaleko larrialdiak itxi zirenetik «gainezka» daudela ohartarazi dute.

Txagorritxu ospitaleko larrialdietako langileen protesta, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Txagorritxu ospitaleko larrialdietako langileen protesta, gaur goizean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko maiatzaren 7a
14:39
Entzun

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko larrialdietako langileek hilabeteak daramatzate protestak egiten zerbitzuan izan diren murrizketen aurka. Gaur, beste urrats bat egin dute: manifestazioan atera dira Eusko Jaurlaritzari eskatzeko langile gehiago kontratatzeko eta zerbitzua berregituratzeko. Goizean, Txagorritxu ospitaletik abiatu eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian amaitu dute manifestazioa. Herritarrei behar bezalako arreta «segurua eta kalitatezkoa» emateko behar duten langileen kopurua handitzeko eskatzeko egin dute protesta. Izan ere, salatu dutenez, 2022an larrialdiak bateratu zirenetik eta Txagorritxun bildu zirenetik, ez dago «kalitatezko arreta» emateko adina langile.

Salatu dute langileak falta dituztela, eta pazienteek ordu asko itxaron behar izaten dutela artatuak izan arte. Larrialdietako langileak «etsita» daude eskaerari erantzuteko kapaz ez direlako: «Herritar guztien laguntza behar dugu, borroka hau guztiona da eta».

Paziente kronikoak

Urte hasieratik, hainbat bilera egin dituzte Osakidetzako zuzendaritzarekin, baina oraindik ez da aurrerapausorik egon. Osasun profesionalen ustez, azaroan Santiago ospitaleko larrialdiak itxi zutenetik, okerrera egin du egoerak; izan ere, erabaki horren ondorioz «gainezka» daude Txagorritxuko larrialdiak, eta langileak ezinean dabiltza. Gainera, Santiago ospitalera jotzen zuten pazienteen profila berezia zela gogoratu dute: gaixo kronikoak ziren, eta diziplina anitzeko profesional talde batek artatzen zituen. Orain, paziente horiek Txagorritxura joatea beste aukerarik ez dutenez, bertako osasun profesionalek zeregin asko albo batera utzi behar izaten dituzte haiek behar bezala artatzeko. Jakinarazi dute gisa horretako pazienteek %185 egin dutela gora Txagorritxuko larrialdietan.

Horrez gain, adierazi dute Santiago erietxetik Txagorritxura lanera joan ziren sei erizainei kontratua amaituko zaiela ekainean, baina ez zaiela kontratua luzatuko. Hala, ezer aldatzen ez bada egoera «are muturrekoa» izango dela ohartarazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.