Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta, hainbat andrek eta gizonek protesta egin zuten atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean. Zaharren egoitzetako egoiliarren senideak dira, eta, aurretik egin izan duten eran, agerian utzi zuten zentro horietan ematen den artaren inguruko kezka; ohartarazi zuten berez «prekarioa» dela arta, eta azken hilabeteetan langileak egiten ari diren protestek —118 greba egun egin dituzte— okertu dutela. Konponbide bat eskatu zuten, beraz.
Aldundi aurrean elkartu ziren, haren ardurapekoak direlako herrialdeko zahar etxeetan eskaintzen diren leku gehienak. «Haren bezeroak gara», azaldu zuen elkarteko kide Xabier Pierruguesek. «Hark ematen die leku bat gure senideei, baina gero ez ditu gutxieneko zaintza batzuk bermatzen». Lehengo astean Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak hainbat «hobekuntza» agindu zizkien bilera batean.