CUPeko Mireia Vehi i Cantenys diputatuak Kataluniaren kontrako zapalkuntzaren balantzea eginez hasi du hitzaldia, gaur, Pedro Sanchezen inbestidura saioan. Biktima datuak eman ditu Vehik eta "salbuespen egoera" salatu du. Horrez gain, emakumeen kontrako biolentzia eta gerra zikina aipatu ditu. Kataluniako herritarrak kolpatu dituzten poliziei dominak kenduko ote dizkien galdetu dio Sanchezi.
"Amnistia, autodeterminazioa eta eskubideak", eskatu ditu CUPeko ordezkariak. Horren alde ez dagoen koalizio bati sostengua ez diola emango adierazi du. "Ezkerreko programa ez da bideragarria gastu mugarekin", gogoratu die PSOE eta Podemosi.
"Espainiako monarkia ustela" salatu du CUPeko ordezkariak, eta "disidentziaren kontrako gorrotora bultzaturiko segurtasun indarrak". Eskuineko blokearen protestak eragin ditu adierazpen horiekin. "Uste al duzue pentsatzen dugula Villarejo bakarrik ari zela?".
Suresnes gogoratu dio CUPeko ordezkariak Sanchezi, eta orduan PSOEk autodeterminazioaren alde egin zuela.
Ziria sartu dio Podemosi, amaitzeko: "Emilio Botinek bi kezka zituela esan zuen: Katalunia eta Podemos", adierazi du CUPeko eledunak. "Katalunia geratzen da".
Katalunian eginiko "akatsak" bere gain hartzen dituela erantzun dio Sanchezek CUPeko ordezkariari, baina independentistek ere eurenak onartzeko, eta alde bakarreko bidea uzteko eskatu dio.