Salbuespen judizialak, erregimenari eusteko

Diktaduraren kontrako protesten gorakada betean, erregimenak Ordena Publikoko Auzitegia eratu zuen, disidentzia orori aurre egiteko. Trantsizioa martxan zela, haren lekua Auzitegi Nazionalak hartu zuen. Ez, ordea, eztabaidarik eragin gabe.

Gaur egun Auzitegi Gorena dagoen lekuan zegoen TOP; haren parean dago Auzitegi Nazionalaren egoitza. MARISCAL / EFE
Gaur egun Auzitegi Gorena dagoen lekuan zegoen TOP; haren parean dago Auzitegi Nazionalaren egoitza. MARISCAL / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kaka Francorentzat», egin zuen oihu Timoteo Buendiak taberna batean, eta hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten horregatik. TOP Ordena Publikoko Auzitegi frankistak zigortutako aurrena izan zen, eta haren atzetik milaka langile, ikasle eta abertzale. Denera, 9.000 lagun baino gehiago auzipetu zituzten hamahiru urteko ibilbidean, eta horietatik gutxienez 2.971 euskal herritarrak ziren. Gero, 1977tik aurrera, Auzitegi Nazionalak hartu zuen auzitegi haren lekua. Aldaketa bai, baina haustura ere bai?

Vicenç Navarro soziologo eta politologo katalanak bost instituzio jartzen ditu diktadurako errepresioaren oinarrian: armada, Falangea, Espainiako Polizia, Eliza eta judikatura. Eta azkenari dagokionez, indar berezia egiten du Ordena Publikoko Auzitegian, eta «diktaduraren dimentsio errepresiboari eustea» egozten dio hari.

Errepresio hura ez zen auzitegi haren sorrerarekin hasi, baina bigarren frankismo deitu izan denaren ikur nagusietako bat da. Hala adierazi zuen KREI Kriminologiaren Euskal Institutuak Nafarroan emandako tortura kasuen inguruko azterketan: «1963tik 1977ra bitarteko etapan, diktadura frankistaren jazarpen tresna Ordena Publikoko Auzitegia izan zen».

Hain zuzen, 1950eko hamarkadaren amaiera eta, batez ere, 1960koaren hastapena diktaduraren kontrako protesten gorakadaren lekuko izan ziren, eta frankismoak errepresio bortitzarekin erantzun zuen; horren adibide dira 1962an Bizkaian, Gipuzkoan eta Asturiasen (Espainian) ezarritako salbuespen egoerak eta gerra kontseiluak. Era berean, baina, nazioartera begira bestelako itxura bat eman nahi zuen erregimenak, eta, Manuel Gallego Lopezek La creación de la Audiencia Nacional desde el Tribunal de Orden Público (Auzitegi Nazionalaren sorrera, Ordena Publikoko Auzitegitik abiatuta) artikuluan azaldu duenez , auzitegi berri bat sortzearen alde egin zen horretarako.

Finean, «erregimen frankistarekiko nazioarteko iritzi publikoa hobetzeko eta instituzio judizialari legalitatea eta legitimitatea emateko» saiakera bat izan zen, Gallegoren esanetan. Hartara, justizia militarrak delitu politiko eta sindikaletan —bilkura, elkartze, manifestazio, propaganda, greba...— zuen esku hartzea murriztuko zen, baina ekintza errepresiboa eten gabe. Zehazki, Masoneriaren eta Komunismoaren Kontrako Auzitegiaren eta justizia militarraren zenbait eskuduntza bereganatu zituen salbuespenezko auzitegi berriak: Ordena Publikoko Auzitegiak. 

2.971

Zenbat euskal herritar igaro ziren TOPetik Gogora institutuak iaz emandako azalpenen arabera, gutxienez 243 arabar, 1.037 gipuzkoar eta 1.438 bizkaitar auzipetu zituzten Ordena Publikoko Auzitegian. KREIk, berriz, Del Aguilaren ikerketa oinarri hartuta, adierazia du gutxienez 253 nafar auzipetu zituztela. Denera, 2.971 euskal herritar.

1963ko urte amaieran izen zen hori, eta 1964an ekin zion jardunari. Juan Jose del Aguila abokatu eta magistratu ohiak El TOP. La represión de la libertad (TOPa. Askatasunaren errepresioa) libururako egindako ikerketen arabera, 1964tik 1977ra bitarte, 22.660 prozesu eman ziren, eta 3.798 ebazpen; 2.839 zigor eta 959 absoluzio. Besteak beste, 3.658 lagun zigortu zituzten zilegi ez zen elkarte bateko kide izateagatik, 2.622 legez kanpoko propagandagatik, eta 1.508 bilkura edo manifestazioengatik. Gallegoren arabera, zigortutakoen erdiak baino gehiago langile mugimenduetako kideak ziren, eta ia laurdenak, mugimendu abertzaleetakoak; nagusiki, ETA ezberdinetakoak. 

Prozesu judizial horien erdiak baino gehiago 1974tik 1976ra bitarte izan ziren: Francoren bizitzako azken hilabeteetan eta behin hura hil eta gero. Are gehiago, 1976an, TOPek bere gain hartu zuen «terrorismo delituen» eskumena behin-behinean, justizia militarra uko egiten hasi baitzen auzi politikoak ikertzeari; besteak beste, ez zituzten ikertu nahi izan Carrero Blancoren hilketa eta Rolando kafetegiko atentatua.

Horri garrantzi berezia ematen dio Juan Manuel Olarieta abokatuak, hain zuzen, TOPen ondorengotzari heltzeko orduan. El origen de la Audiencia Nacional (Auzitegi Nazionalaren jatorria) artikuluan azaltzen duenez, erregimenak beharrezko zuen auzitegi berri bat «ordura arte jurisdikzio militarrari zegozkion errepresio politikorako eskumenak» bere gain hartzeko eta «gerra kontseiluen greba» zeritzona desblokeatzeko. Aurrez saiatu ziren Justiziaren Oinarrien Legearekin zigor arloko auzitegi zentralak eratzen, 1974an, baina presio sozial eta politikoak geldiarazi zuen hura.

Hurrengo saiakera, ordea, oharkabean igaro zen. Egoera politiko mugituaren erdian, Adolfo Suarezen gobernuak TOP desegin eta Espainiako Auzitegi Nazionala eratzeko errege dekretuak onartu zituen, eta 1977ko urtarrilean gertatu zen aldaketa. Hain zuzen, Gallegok adierazi du horrek erraztu zuela aldaketa, Ordena Publikoko Auzitegia atzean uzteko nahiak.

Aldaketa, baina, erreala izan zen? Gallegok adierazi duenez, orduan iritzi zabaldua zen Espainiako Auzitegi Nazionala erregimen frankistaren azken urteei heltzeko prestatu zela. Izan ere, konstituzioaren aurrekoa da, eta horrek, Olarietaren esanetan, behin-behinekotasun kutsu bat eman zion, TOPetik probintzia auzitegietarako zubilana egiteko sortua balitz bezala.

Errealitatea, baina, bestelakoa izan da. TOPen eskumen ia berberak hartu zituen oinordetzan, eta horiek mantendu eta zabaldu ditu orain arte, gehigarri berezi batekin: «terrorismo delituak» epaitzeko eskuduntza. Hari ez zitzaion erreferentzia egin sorrerarako errege dekretuan, baina bai geroxeago, eskumena justizia militarrari kentzeko «aldi baterako konponbide» gisa. Urteek aurrera egin ahala, ordea, haren eskumen nagusia bihurtu zen.

Ez da hura izan kritika bakarra. Jurista ugarik kritikatu izan dute, besteak beste, epaileek batetik besterako jauzia egitea, hura errege dekretu bidez sortzea, frankismoaren krimenekiko jarrera, estatu osoan jarduteko eskumena jasotzea eta nazional abizena bera. Hala dio Gallegok: «Nazional kalifikatzailearen erabilerak estatu zentralismoaren manifestu bat zirudien, aintzat hartuta gobernuak arazo handia zuela Espainiako Estatuko nazionalitateak artikulatzeko». 

Eskumenen auziari dagokionez, berriz, salatu izan da «terrorismoari» aurre egin beharraren izenean ezarritako zentralismoak ez dituela kontuan hartzen nazioarteko adierazpenetan eta gerora konstituzioan jasotako eskubide bat, «lehendik izendaturiko epaile arruntengana jotzekoa»; hau da, ustezko delitua egin den lurraldeko epaileen esku hartzea. Hala, Gallegok gogoratzen du ugari izan direla hura «salbuespen auzitegi» gisa kalifikatu dutenak. Esaterako, Navarrok «estatuaren defentsarako auzitegitzat» jo izan du, eta funtzio horrek «ez du homologaziorik sistema demokratiko gehienetan».

Olarieta argiagoa da bere arrazoiketan: «Organo judizial berriaren sorrera azaltzeko argudio juridiko koherenteak bilatu nahia alferrikakoa da, eta soilik benetako motibazioa estaltzeko beharragatik ulertu daiteke». Abokatuaren ustez, horiek arrazoi politikoak dira; zehatzago, «errepresioa tipifikatzea trantsiziotik eratorritako exijentzia politikoen arabera».

Bigarren hanka

Ordena Publikoko Auzitegiaz aritzean, ezin da aipatu gabe utzi Brigada Politiko Soziala. Haren txostenak ziren auzitegiak bere epaiak justifikatzeko erabilitako tresna nagusietako bat. Polizia haren erreminta ezagunenetako bat, berriz, torturak ziren, nahiz eta auzitegi hartako ebazpen bakar batek ere erreferentziarik ez egin horiei.

KREIren txostenen arabera, baina, tortura «sistematikoa eta orokortua zen oposizio politiko eta sindikaleko kideen atxiloketetan». Hala, institutu haren ikerketetan 1964tik 1976ra bitarteko 903 tortura kasu daude erregistratuta Hego Euskal Herrian. Eta, lan beraren arabera, TOPen epaitutako 253 nafarretatik gutxienez 27 torturatu zituzten.

Institutu haren esanetan, horrek berdin segitu zuen trantsizio politikoaren lehen urteetan ere. Izatez, 1978an polizien jarduna arautu bazuten ere, «praktika polizialak legeak baino askoz motelago aldatu ziren formaz»: «90. hamarkadara arte ohikoak izan ziren lege antiterroristaren pean inkomunikazio erregimenean atxilotutako askoren salaketak», azaldu du KREIk Nafarroarako prestatutako txostenean. Hala, 1977tik aurrera, 3.500 lagun baino gehiago torturatu zituzten euskal gatazkaren harira. Haietako asko eta asko Auzitegi Nazionalaren aginduz atxilotu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.