«Salbuespenezko espetxe politika» aldatzeko eskatu du Etxerat-ek parlamentuan

Nahiz eta UPN eta PP ez dira joan osasun batzordera, Etxerat-ek lehen aldiz eman du gaixotasun larriko presoen egoeraren berriBakea gerturatzen den heinean neurri bereziak amaitzeko deia egin die alderdiei

PSNko Pedro Raskon, Etxerat-en esku orria irakurtzen, eta, aurrerago, Etxerat-eko eta Herrira-ko kideak, atzo. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
UPNren eta PPren besaulkiak hutsik egon arren, atzo, lehen aldiz Etxerat-ek gaixotasun larriko presoen egoeraren berri eman ahal izan zuen Nafarroako Parlamentuko osasun batzordean. Horregatik, Gloria Rekarte Etxerat-eko ordezkariak eta Jon Garai Herrira mugimenduko eledunak eskertu egin zieten gainontzeko taldeetako parlamentariei euren azalpenak entzuteagatik. Garaik azaldu zuen egungo «salbuespenezko espetxe politikak» sufrimendua eragiten dietela presoei eta senideei, baina onartu zuen errealitatea «orokorragoa» dela. «Ez dugu zalantzarik gurea ez dela sufrimendu bakarra». Alderdiei azaldu zieten presoen giza eskubideak errespetatzeak muturreko espetxe politikaren aldaketa dakarrela ezinbestean. Urrats horrek bakea gerturatzen duen heinean espetxe politika aldatzeko akordioak egiteko deia egin diete alderdiei.

Rekartek gaur egungo espetxe politikaren inguruko datuak eman ditu. Gaur egun Nafarroako 68 preso daude Espainiako espetxeetan sakabanatuta, eta beste 25 Frantziakoetan. Batez beste, etxetik 680 kilometrora daude. Sakabanaketa duela 25 urte ezarri zen; gerora, muturreko beste neurriak ezarri dira; Auzitegi Gorenaren 197/2006 epaia, Parot doktrina delakoa, esaterako.

Rekarteren arabera, euskal preso politikoei de facto bizi guztiko zigorra ezartzen dien doktrina hori zazpi preso nafarri ezarri diete, eta horietatik hiruk jada 25 urte daramate kartzelan. Gainera, zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkaten hamar preso nafar daude. «Salbuespenezko neurriak ezarriko ez balira, 21 presok etxean egon beharko lukete», adierazi du Rekartek.

Etxerat-en arabera, hala ere, bereziki kezkagarria da gaixotasun larriak dituztenen egoera. Kartzelan tratamendu egoki bat jasotzerik ez dutenez, etxean egon ahal izatea aldarrikatu du Rekartek. Uneotan lau preso nafar —Jose Mari Mendinueta, Iñaki Erro, Josetxo Arizkuren eta Iñaki Etxeberria— osasun egoera larrian daude: horietatik biri, gainera, zigorra beteta eduki arren, Parot doktrina ezarri diete.

Hori da Jose Mari Mendinuetaren kasua. Jone Lazkoz bikotekideak haren errealitatearen testigantza zuzena eman du. Haren hitzetan, kartzelan gaixotasunaren diagnostikoa egitea «oso zaila» da «ez delako ahalbidetzen presoa erietxera eramatea». Kostata, presoak ospitalera eramaten dituztenean, «oso baldintza gogorretan» egiten da mediku azterketa, «poliziez inguratuta eta medikuen lana baldintzatuz». Diagnostikoa eginda, presoari «ukatu egiten zaio konfiantzazko medikuarekin egon ahal izatea»,eta espetxearen berezko egoeragatik zaildu egiten da tratamendu egokia jasotzea.

Garairen ustez, berriz, «nahastu egiten dira espetxe onurak jaso ahal izateko bete beharreko legearen baldintzak eta presoen oinarrizko eskubideak». Txus Martin basauriarraren kasua jarri du adibidetzat. Martinek oso gaixotasun psikologiko larria du: «Ez da gai bere senideekin minutu batez jarraian hitz egiteko. Bere buruaz beste ez egiteko protokoloa ezarri diote. Onurak jasotzeko baldintzak betetzeko eskatzen zaio, baina ezein kasutan ezin du bere kabuz erabaki, eta horrek egunez egun haren bizitza arriskuan jartzen du. Salbuespenezko neurriak noraino iristen diren erakusten du».

Preso politikoak, bai edo ez

Parlamentariek ere hitz egin dute. Juan Jose Lizarbek ukatu egin du presoen izaera politikoa: «Delituak egiteagatik zigortu dituzte». Hala ere, eztabaidarekiko errespetua agertu du, eta onartu du sufrimendua toki askotan dagoela. NaBaiko Patxi Zabaletak erantzun dio Espainiako Estatuak presoei eta haren senideei ezarritako zigor bereziek frogatzen dutela izaera politikoa. «Badago beste froga bat hemendik gertu. Espetxe berri bat dugu Iruñean, garbitua, prestatua... eta hutsik». Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak kritikatu egin dute UPN eta PP batzordera ez joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.