Salestarren plana aldatzeak 8 eta 11 milioi euro arteko kostua duela dio Laparrak

Lehendakariordeak desegokitzat jo du proiektua, baina «oso zail» ikusten du atzera egitea. Irabaziak «alokairu sozialean» inbertituko dituztela dio

Miguel Laparra lehendakariordea, atzo eginiko agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Bai, baina ez. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparra bat dator Iruñeko salestarren eremuko proiektuak jaso dituen kritikekin: hirigintza plan «desegokia» dela uste du, «Zabalguneko gainontzeko eremuekin alderatuta, eraikitzeko gaitasuna neurrigabe handitzen duelako»; eta, udalari eskuduntzak kenduta, etxebizitzen %50 babes ofizialekoak izateko betebeharra erauzten duelako. Are: proiektua moldatzeko Iruñeko Udalak egin duen eskaera «errespetu osoz» aztertu dutela gaineratu du Laparrak. Eta, hala eta guztiz ere, ez du egoera leheneratzeko aukerarik ikusten: «Oso zaila da».

Laparraren esanetan, salestarren proiektua moldatzeak«kostu handia» izanen luke administrazioarentzat. Zehazki, «zenbait txosten teknikoren arabera», Nafarroako Gobernuak 8 eta 11 milioi euro arteko kalte-ordainak pagatu beharko lituzkeela esan du lehendakariordeak. «Ez da nire burutazio bat, teknikarien irizpidean oinarritutako erabakia baizik».

Horregatik, arduraz jokatzeko deia egin die indar politiko guztiei: «Nafarroako Gobernuak konpentsazio sozial bat txertatu zuen salestarren UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Planean, eta, horri esker, alokairu sozialeko etxebizitzetan inbertituko ditugu hirigintza operazio honen bitartez jasotako irabaziak». Proiektua atzera botata, klausula sozial hori galduko litzatekeela argudiatu du Laparrak: «Kalte-ordainak gobernuari ordainarazten badizkiogu, ezerezean utziko ditugu orain arte lortutako hobekuntzak, eta orduan bai, operazio espekulatibo hutsa izanen da salestarrena».

Bestalde, Nafarroako Gobernuak erdietsitako akordioan «hobekuntza nabarmenak» antzematen ditu lehendakariordeak, UPNk 2012an onartutako proiektuarekin alderatuta. «Jatorrizko itunean, gobernuaren bizkar gelditzen ziren balizko diru galerak; operazioak porrot egiten bazuen, administrazioa zen pagaburua. Orain ez. Nafarroako Gobernuak ez du egitasmo honekin zentimo bakar bat ere galduko».

UPNk utzitako ondarea

UPNren garaiko proiektua da salestarrena. Kongregazio erlijioso horrek lanbide heziketako zentro bat dauka Iruñeko erdiguneko Aralar kalean, eta ikastetxe berri bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuen Yolanda Barcinaren gobernuak. Trukean, Aralar kaleko orubean hainbat etxebizitza eraikitzeko plana ondu zuten.

2012. urtean, UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu zuten proiektua, eta, 2015eko ekainean, berriz, Barcinaren jarduneko gobernuak egitasmoaren nondik norakoak zehazten dituen plan berezia onartu zuen: 400 etxebizitza, hemezortzi solairu arteko lau etxe orratz, hotel bat eta 3.000 metro koadroko eraikin publiko bat eraikitzea baimendu zuten. Proiektu hori murrizteko eskatu dute Iruñeko Udalak eta hainbat adituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.