Joan den otsailaren 5ean Zaballako presondegian (Araba) hil zen presoarekin zer gertatu zen argitzeko, bide judiziala abiatu du Salhaketa elkarteak. «Familiak emandako informazioak eta administrazioarenak ez datoz bat, eta frogak eskatuko ditugu», jakinarazi du Marta Aldanondo elkarteko kide eta abokatuak. Salhaketak deituta, heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdian Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, eta han egin du iragarpena Aldanondok. «Gertatutakoa argitu nahi dugu».
F.P.V. izeneko 35 urteko presoa hilik agertu zen bere ziegan, eta, familiak elkarteari adierazi zionez, hura interfonotik laguntza eske aritu zen zendu baino hiru ordu lehenago, baina «arreta medikoa ukatu» zioten, eta goizera arte itxaroteko agindu. Goizean topatu zuten hilotz bere ziegan.
Familiak uste du presoak ez zuela osasun arretarik jaso, eta horregatik hil zela; susmo bera du Salhaketa elkarteak, eta, presoaren sendiaren eskariari jarraikiz, jazoerak ikertzeko bidea zabaltzea galdegingo du. Frogak eskatuko dituztela esan du Aldanondok: modulu horretako segurtasun kameretako irudiak, gau hartan lanean ari ziren funtzionarioen deklarazioak, eta presoarekin ziega partekatzen zuen presoaren eta kartzelako beste preso batzuen testigantzak.
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ukatu egin du presoa arta gabe hil zela; oraindik autopsia ofizialaren emaitzarik ez dagoen arren, «arrazoi naturalengatik» hil zela dio, eta baztertu egin du indarkeriazko heriotza bat edo suizidioa izatea. Halaber, gobernuak adierazi du presoak «zegokion osasun arreta» jaso zuela, eta moduluan «legez finkatutako arreta zerbitzuak» zeudela une horretan.
Jaurlaritzak darabilen hipotesia da bihotzeko batengatik zendu zela, eta horixe bera izan da presoaren sendiak jaso duen informazio ofizial bakarra, Salhaketako kideak azaldu duenez. Familiaren arabera, baina, presoak ez zuen aurretik patologia larririk, «kolesterol altua baino ez».
Heriotza gertatu zenetik, ohiko ikerketa judizialak abiatu dira, baina, Aldanondok nabarmendu duenez, oraindik ez dute espedientea eskuratu, prozeduran formalki aurkeztu arte ezin baitute dokumentaziorako sarbidea izan.
Salhaketak gogorarazi duenez, 2021eko urritik —Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena bere gain hartu zuenetik— gutxienez hamar preso hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeetan. Baina baliteke gehiago izatea: «Heriotza batzuen berri izaten dugu, baina beste batzuena ez», zehaztu du Aldanondok.
Preso bat hiltzen aldiro, elkartea saiatzen da administrazioari erantzukizunak eskatzen eta gertaerak ahalik eta gehien argitzen, baina beti ez da posible. Auzitara jotzeak kostu ekonomiko handia izan ohi du hurkoa espetxean duen familiarentzat, eta askok bide judiziala baztertu behar izaten dutela azaldu du elkarteko kideak.
Patologia duala
Gasteizko protestan bildutakoek heriotzen gainean administrazioek duten «inpunitatea» salatu dute, eta presoentzako osasun arta egokia aldarrikatu. Hain justu ere, osasun mentaleko arazoak eta adikzioak dituztenen hainbat familia biltzen dituen Katearen Loturak elkarteak bat egin du bilkurarekin, eta, haren izenean, Regina Eriz presidenteak ohartarazi du espetxeetan patologia duala duten presoek ez dutela behar bezalako arreta jasotzen.
Erizek nabarmendu duenez, baliabide soziosanitarioen gabeziak eragin zuzena du espetxeetan: «Dena da zigorra kartzelan; ez dago benetako gizarteratze prozesurik». Elkarteko buruaren arabera, preso askok osasun mentaleko arazo larriak dituzte, eta sarritan ez dira behar bezala artatuak izaten. Ondorioz, kartzelatik irten ahala, berriro sartzen dira, eta «ate birakaria» sortzen da hala. Haren hitzetan, «familiek bakarrik ezin dute zama hori eraman», eta baliabide espezifikoak behar dituzte.