Arabako Salhaketak eta Katearen Loturak elkarteek patologia bikoitza duten presoek espetxeetan duten osasun arretari buruzko «datu objektiboak» emateko eskatu diote Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, eta, hala, espetxeetan ezarrita dauden osasun neurrien berri izan nahi dute. Elkarteek gaur Gasteizen egindako protestan jakinarazi dutenez, eskaera gutun bidez bidali zioten Pradalesi ekainaren 19an. Oraingoz, elkarteek ez dute erantzunik jaso.
Uztailaren 20an 60 urteko preso bat hil zen Zaballako espetxean, eta heriotza hori salatzeko egindako manifestazioan jakinarazi dute hori bi elkarteek. Lehendakariari bidalitako gutunean, elkarteek «premiazko erantzun zehatzak», «datu objektiboak» eta «neurri egiaztagarriak» eskatu dizkiote Pradalesi. Patologia bikoitza duten presoen «gizarteratzea bultzatzeko» zer baliabide dituzten eta zer lantzen den argitzea ere galdegin dute. Arreta egokirik gabe, «gizarte bazterkeria» eta delitua berriz «errepikatzeko arriskua» handitu egiten da preso gaixoentzat.
Espetxe barruko arreta soziosanitarioa eta profesional espezializatuak bermatzeko neurriak zeintzuk diren ere jakin nahi dute bi elkarteek. Izan ere, funtsezkotzat jotzen dute jakitea nola bermatzen den espetxeetan gaixo dauden presoen arta eta haien tratamenduaren jarraipena. Ezinbestekotzat jo dute «laguntza soziala indartzea», espetxetik irten ostean delituak ez errepikatzeko. Horretarako, erakundeen arteko «koordinazio mekanismoak» ezartzeko exijitu diote Pradalesi, presoak aske geratu ondorengo hilabete eta urteetan laguntza eraginkorra izango dutela ziurtatzeko.
Urteko hirugarren heriotza Zaballan
Aurten jada hiru pertsona hil dira Zaballako espetxean, eta azkena J.J.H. izan da: uztailaren 20an zendu zen 60 urteko preso bizkaitarra. Salhaketak adierazi du «osasun arreta faltaren ondorio zuzena» izan zela gizona hil izana. Gainbehera kognitibo larria zuen presoak, eta arazo mental eta fisiko ugari.
Gaurko elkarretaratzean, Salhaketak salatu du euskal kartzeletan «utzikeria» dela nagusi. Horrez gain, elkarteak nabarmen du hildako gizonaren inguruko kide presoek agertu duten ardura haren azken egunetan: «Argi eta garbi ikusten da presoen artean elkartasuna dagoela, eta haien erresistentzia, nahiz eta elkarren etsai izatea nahiko luketen zentroek». Elkartearen hitzetan, baliabide gutxien dituztenak arduratzen dira zaintzaz eta informazioaz, erakundeak «isilik» dauden bitartean.