Salmonellosi agerraldi batek 29 pertsonari kalte egin die Eibarren

25ek osasun arreta behar izan zuten, eta haietatik bederatzi ospitaleratu egin zituzten. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak taberna bateko tortillekin lotu du agerraldia.

Arrautzak. LUIS GANDARILLAS / EFE
Arrautzak. LUIS GANDARILLAS / EFE
jakes goikoetxea
2026ko abuztuaren 25a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait herritarrek Eibarko (Gipuzkoa) taberna bateko tortillak jan zituzten abuztuaren 9an. Abuztuaren 11n balizko salmonellosi agerraldi baten berri jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren Zuzendaritzak. Baieztatu du salmonellosi agerraldiak 29 pertsona kaltetu zituela —21 baieztatuak, zortzi izan daitezkeenak—. 25ek osasun arreta behar izan zuten eta bederatzi ospitaleratu egin zituzten. Ospitaletik atera dira jada. 

Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren ustez Eibarko taberna horretako tortillak dira salmonellosi agerraldiaren jatorria, «agerraldiarekin lotuta egoteko probabilitate handieneko elikagaia». Agerraldia eragin ahal izan zuten faktoreen artean daude, zuzendaritza horren esanetan, «tratamendu termiko eskasa, tortillak hotzean kontserbatu ez izana eta elaborazioan gertatutako kutsadura gurutzatuak».

Zuzendaritza horrek elkarrizketak egin zizkien kaltetuei, eta kasu gehiago bilatu zituen. Taberna eta arrautzen hornidura katea ikuskatu zituen. Tortillen eta arrautzen laginak aztertu zituen. Salmonella Enteritidis bakterioa aurkitu zuen batez ere. Tortillak erretiratu eta suntsitu egin zituzten.

Hutsuneak prozeduretan eta baldintzetan

Tabernan elikagaiak lantzeko, kontserbatzeko eta manipulatzeko baldintzak aztertu eta gero, zenbait «hutsune» ikusi zituzten: arrautzen trazabilitatean, tresnen garbiketan eta desinfekzioan, kutsadura gurutzatuen prebentzioan eta tortillak giro tenperaturan kontserbatzen zirela. Tabernako arduradunei zenbait jarraibide eman zizkieten hutsune horiek konpontzeko eta lan prozedurak hobetzeko.

Tortillak egiteko erabilitako arrautzak Aragoiko (Espainia) ustiategi batekoak dira. Osasun Publikoaren Zuzendaritza harremanetan jarri zen Aragoiko osasun agintariekin, egoeraren berri emateko. Ustiategi horretatik beste establezimendu batzuetara bidalitako arrautzak erretiratu egin dituzte, badaezpada. Gainera, arrautzak banatu zituen enpresari behin-behinean debekatu egin diote elikagaiak banatzen eta merkaturatzen jarraitzea, «trazabilitatean eta merkataritza dokumentazioan atzemandako hutsuneengatik, trazabilitate eta produktuak erretiratzeko sistema oso eta eraginkor bat zuela egiaztatu arte». Osasun Publikoaren Zuzendaritzak «baloratu» egin du tabernari eta banaketa enpresari zehapen espedienteak zabaltzea, baina ez du zehaztu zabalduko dien edo ez.

Abuztuaren 11n gizon bat hil zen Eibarren, eta ikertzen ari dira ea salmonellosiak eragin zuen haren heriotza. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du heriotza horri buruzko aipamenik egin salmonellosi agerraldiari buruzko informazioan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA