San Josek eskatu du argitaratzeko Perturren eta Lasa eta Zabalaren auzien inguruko informazioa

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren esanetan, informazio hori desklasifikatzeak «asko» emango lieke Perturren, Lasa eta Zabalaren eta Pasaiako sarraskian hildako kideen senideei.

San Jose, Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
San Jose, Martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko abuztuaren 1a
15:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Joseren esanetan, «funtsezko urrats bat» da Espainiako Sekretu Ofizialen Legea moldatzea, informazio horrek «asko» eman baitiezaieke estatuaren biktimen familiei. Haren hitzetan, «ez du zentzurik» hura ezkutuan edukitzeak.

«Gai izan behar gara iraganari begiratzeko, nahiz eta zikina eta mingarria izan. Uste badugu zauri horiek guztiak sendatu arte ez dugula bizikidetza sendo bat izango, ez dut ulertzen zer zentzu duen dokumentazioa ezkutatuta izateak», adierazi du San Josek, Europa Pressek egindako elkarrizketa batean. Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren, Pasaiako sarraskian hildako lauren eta Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en familiak aipatu ditu.

Hitz horiekin, Justizia sailburuak bere egin ditu PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak Perturren desagerpenaren 50. urteurrenaren harira esandakoak. Anduezak Espainiako Gobernuari eskatu zion «bere esku dagoen guztia» egiteko oraindik ere desagertuta daudenen gorpuak aurkitzeko, eta auziaren inguruko informazioa izan dezakeen orori dei egin zion «beldurra gainditu eta hitz egiteko».

«Iruzurrik» ez

Sailburuak euskal presoei aplikatu zaizkien gradu progresioen eta espetxe araudiko 100.2 artikuluaren harira piztutako polemika ere izan du hizpide. Defendatu du Justizia Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako tratamendu batzordeek «zorrotz» jokatzen dutela araudia aplikatzean, eta biktimen zenbait elkarteren hitzei aurre eginda, ukatu egin du inolako «iruzurrik» egin izana.

«Talde teknikoek, txostenak eta ebaluazioak egitean, kontuan hartzen dute presoaren eboluzioaren eta bere ekintzen artean koherentzia bat egotea; hau da, egiten eta esaten duena bat etortzea», defendatu du sailburuak, eta gogoratu du ez dela progresiorik edota baimenik onartzen horretarako «betekizun legalak edo ezarritako helburuak» betetzen ez badira. «Ez dago inolako pribilegiorik, ezta eskubide automatikorik ere», berretsi du.

Horiek hala, gogor kritikatu du auzi horren harira Alderdi Popularrak duen jarrera, eta adierazi du Jose Maria Aznarren gobernuak ere hainbat Euskal Herriratze eta gradu progresio onartu zituela: «Hirugarren gradura 30 progresio egin ziren lau urtean, espetxetik atera ziren presoak, eta hori dena artean ETAk jendea hiltzen zuen bitartean». Sailburuaren esanetan, erabaki haiek espetxe legedia aplikatuta hartu ziren, eta hala jokatzen da orain ere. Hain zuzen, presoen birgizarteratzea «agindu konstituzional bat» dela defendatu du, eta zigor zuzenbidearen «oinarrizko printzipio bat».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA