Sanchezek baztertu egin du Espainiako Gorteetarako bozak udal hauteskundeekin batera egitea

Espainiako gobernuburuak esan du ez dela «Igande Handirik» izango, eta gehitu du «elkarrizketarako ate bat» ireki dela jeltzaleekin.

Sanchez, artxiboko irudi batean. ERIC FONTCUBERTA / EFE
Sanchez, artxiboko irudi batean. ERIC FONTCUBERTA / EFE
Iosu Alberdi.
2026ko ekainaren 5a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek baztertu egin du 2027ko maiatzean Gorteetarako eta udal hauteskundeak egun berean batu eta «Igande Handi» bilakatzeko aukera: «Ziur esan diezaieket alderdi politiko guztiei ez dela Igande Handirik izango». Hau da, ez duela Espainiako Gorteetarako bozak maiatzaren 23ko udal eta foru hauteskundeekin batzeko asmorik. Hain zuzen, nabarmenak izan dira halakorik gertatzearen kontrako aldarriak; besteak beste, EAJren partetik. Hain zuzen, EAJri mintzatu zaio, «elkarrizketarako ate bat» ireki delakoan bien artean.

Durangoko Landako Gunean (Bizkaia) egindako agerraldian, udal eta foru hauteskundeetarako makineria martxan jarri zuten jeltzaleek, eta, ordutik, Espainiako politikagintzara begirako adierazpenetan, behin eta berriz dei bera egin diote Sanchezi: aurreratu ditzala Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak, aurten egiteko moduan. Eta, bide horretan, EBBko presidente Aitor Esteban izan da zuzenen mintzatu direnetako bat: «Legealdia amaierara iritsi da».

Atzo, baina, bestelako irudi bat eman zuten Estebanek berak eta Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak. Biak batera azaldu ziren Eusko Legebiltzarrean, tramiteak arintzeko neurrien proposamena aurkezteko, eta, Espainiako egoeraz galdetuta, Estebanek zertxobait aldatu zituen aurrez esanak. Espainiako Gobernua «norabiderik» gabe dabilela uste duen arren, ez zuen txartzat jo Sanchezek 2027rako aurrekontu proiektu bat aurkeztearen alde egin izana. Horiek aurrera ateratzearen inguruan «oso optimista» ez bada ere, ontzat jo zuen «legealdiari zentzu emateko» asmoa. Era berean, PPk aurkeztu dezakeen zentsura mozioren harira, berretsi egin zuen jeltzaleek ez zutela babestuko, hasieratik esan bezala.

Hain zuzen, aurrekontuei lotuta, Sanchezek «arduraz» jokatzeko eta babesa emateko eskatu die alderdi politikoei: «Bazkide parlamentario guztiei arduraz jokatzeko eskatzen diet, modu batean edo bestean legealdiak aurrera egiteko lagundu dezaten». Bazkide horien artean EAJ dago, eta, harekin dituen harremanen inguruan, Sanchezek esan du «elkarrizketarako atea ireki» dela, jeltzaleak «eszeptikoak» badira ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA