Estebanek eta Anduezak bat eginda aurkeztu dute tramiteak arintzeko neurrien proposamena

Proiektu estrategikoak eta inbertsioak erakartzeko premiazko neurrien lege proposamen bat aurkeztu dute EAJko eta PSE-EEko buruzagiek Eusko Legebiltzarrean. Azpimarratu dute desadostasunen gainetik elkarlana eta gobernu koalizioa hobesten dituztela.

Esteban eta Andueza Eusko Legebiltzarrean, gaur, lege ekinaldia aurkeztu aurretik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Esteban eta Andueza Eusko Legebiltzarrean, gaur, lege ekinaldia aurkeztu aurretik. ENDIKA PORTILLO / FOKU
aitor biain
2026ko ekainaren 4a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batasun irudia eman nahi izan dute atzera ere Eusko Jaurlaritzako bi gobernu bazkideek, EAJk eta PSE-EEk. Azken hilabeteetan publikoki izan dituzten liskarren ondoren, Aitor Esteban EBBko presidentea eta Eneko Andueza sozialisten idazkari nagusia elkarrekin agertu dira prentsaren aurrera inbertsioak bizkortzeko premiazko neurriei buruzko lege proposamena aurkeztera. Ika-miken eta desberdintasunen gainetik, ados jartzeko eta elkarrekin lan egiteko gai direla irudikatu nahi izan dute horrela.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eman zuen lege ekinaldiaren berri, maiatzaren erdialdera, Bilbon egindako agerraldi batean. Baina bi alderdien buruzagiek aurkeztu dute gaur, Eusko Legebiltzarreko prentsa aretoan. Edukiak ez ezik —edo horiek baino gehiago, akaso—, argazkia baitzen garrantzitsuena. Adiskidetzearen argazkia, hain justu ere elkarri bostekoa emanez atera dutena, kazetariek eskatuta izan bada ere.

Gaiztotuta baitzeuden bi bazkideen arteko harremanak. Estebanek euskara eskakizunen eta estatutu berriaren harira egindako adierazpenen ondotik, sozialistek sare sozialetan argitaratu zuten irudi batek piztu zuen bi bazkideen arteko azken krisia. EAJko burua barregarri uzten duen irudi bat hedatu zuen PSE-EEk, eta horrek are gehiago gaiztotu zuen lehendik ere ozpindua zen harremana. Ezberdintasunen gainetik elkarlana hobesten dutela adierazi nahi izan dute gaur, ordea.

«Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du; izan gogoan hau», esan du Anduezak, krisia gainditutzat ematen ote duten galdetu diotenean. Desadostasunak gutxietsi ditu Estebanek ere, eta gobernuaren jarduerari dagokionez bi bazkideek duten batasuna goretsi du. «Ardura politikoa» desadostasunen gainetik dagoela nabarmendu du: «Koalizioak funtzionatu behar duenean ados jartzeko eta elkarrekin lan egiteko gai garela erakusten dugu, eta lege hau da horren adibidea».

«Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du; izan gogoan hau»

ENEKO ANDUEZA PSE-EEko idazkari nagusia

Jada ezaguna duten formula bat baliatu nahi izan dute bi aldeek: ekimen legegile bateratu bat aurkeztea. Hala egin zuten etxebizitza, lurzoru eta hirigintza arloko premiazko neurriei buruzko lege proposamenarekin ere, duela justu urtebete. Jaurlaritzak berak aurkeztu ordez, bi alderdiek elkarrekin erregistratu zuten lege hura ere, proposamenari ez ezik bi alderdien batasunari garrantzia emateko.

«Eraginkortasun administratiboa» xede

Bazkideen arteko harremanerako ez ezik, EAEko ekonomiarako ere «inflexio puntua» izan nahi baitu lege ekinaldiak. Jarduera ekonomiko jasangarria sinplifikatzeko eta arintzeko premiazko neurriei buruzko proposamenaren —izen hori jarri diote— helburua baita administrazioaren tramitazioa arintzea eta epeak murriztea, proiektu estrategikoak eta inbertsioak erakarri ahal izateko. «Eraginkortasun administratiboa» lortu nahi dute, «lehiakortasuna hobetzeko», Estebanek azaldu duenez.

Proposamena ez zegoen gobernu programan jasoa, baina egungo jokalekuak ezinbestean ekitera behartu dituela adierazi du buruzagi jeltzaleak. «Eraldaketa handiak» gertatzen ari diren garaiotan, lurraldeen eta herrialdeen arteko «lehia» ere gero eta handiagoa delako, eta erabakiak hartzeko orduan egon daitezkeen atzerapen administratiboek aukerak galtzea ekar dezaketelako: «Lehen baino arinago doaz gauzak, eta ezin gara geldirik geratu». Proposamenak inbertsioak erakartzeko «kokapen hobea» emango duela eta «hobeto lehiatzen» lagunduko duela nabarmendu du sozialisten liderrak ere.

«Koalizioak funtzionatu behar duenean ados jartzeko eta elkarrekin lan egiteko gai garela erakusten dugu, eta lege hau da horren adibidea»

AITOR ESTEBAN EAJren EBBko presidentea

Premiazko neurriak dira proposatzen dituztenak, eta Eusko Legebiltzarrean premiazko prozeduraren bidez onartu nahi dituzte. Jaurlaritzak berak aurkeztu ordez alderdien bidez aurkeztuta, gainera, are azkarragoa izango da tramitazioa, lege proposamenek ez baitute lege proiektuei eskatzen zaizkien aurretiazko txosten teknikoen beharrik. Gaur erregistratu dute, eta urte amaierarako onartuta egotea espero dute.  

Etxebizitzaren proposamenarekin egin duten moduan, ekinaldiaren bidez hainbat lege aldaketa egin nahi dituzte. Lege horiek energiaren, etxebizitzaren, nekazaritzaren eta ingurumenaren alorrekoak dira, eta, funtsean, «oztopo burokratikoak» ezabatu nahi dituzte prozedurak bateratuz eta epeak nabarmen laburtuz —batzuetan bi urtetik sei hilabetera ere bai—. Herritarrei dagokienez ere, zenbait kasutan «erantzukizunpeko adierazpena» nahikoa izango da tramitazioari ekiteko.

Proposamenak, baina, kasuan kasurako aldaketak jasotzen ditu, gai eta sektore bakoitzari egokitutakoak. Esate baterako, itsasertzeko eskumenari lotuta, udalen esku geratuko litzateke baimenak emateko ahalmena, hala itsas instalazioak eraikitzeko nola askotariko ekitaldiak antolatzeko. Testuak aipamen berezia egiten dio Urdaibairi, eta hainbat aldaketa proposatzen ditu aisialdiari dagokionez.

Landa eremuari lotuta, berriz, lurzorua kalifikatzeko araudia azkartuko da 3.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan, etxe berriak eraiki ahal izateko. Eta tramiteak arinduko dira «oinarrizko zerbitzuak» ezartzeko, hots, telekomunikazio sareak zabaltzeko. Trantsizio energetikoari lotuta, bestalde, interes publiko goreneko proiektuaren figura sortuko da, energia berriztagarrien proiektuen tramitazioa azkartzeko.

Aldaketak «onuragarriak» izango direla nabarmendu dute bi buruzagiek, eta «iraunkortasun soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa» bermatuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE