ESPAINIAKO INBESTIDURA

Sanchezek eta Iglesiasek gobernu programa «anbiziotsua eta ausarta» aurkeztu dute

PSOEk eta Unidas Podemosek aurkeztu dute Espainiako Gobernurako akordioa. Pedro Sanchezek «politika erabilgarria» defendatu du. Pablo Iglesiasen iritziz, Espainiak erreferente bihurtu behar du justizia sozialeko politiketan, politika feministetan eta klima larrialdiaren aurkako borrokan.

Sanchez eta Iglesias akordioa sinatu ondoren. JUANJO MARTIN / EFE
Igor Susaeta.
2019ko abenduaren 30a
18:51
Entzun

PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatu dute Espainiako Gobernuaren datorren legegintzaldirako gobernu programa. Dokumentu horri Koalizio aurrerakoia deitu diote, eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako jarduneko presidenteak nabarmendu duenez, «politika erabilgarria» aldarrikatzen du, eta «anbiziotsua eta ausarta» da aurrerakoia izateko helburuan aurrerapausoak emateko orduan. Pablo Iglesias UPko idazkari nagusiarentzat, «historikoa» da ituna, eta iruditzen zaio paperean jasotakoa gobernu ekintza bihurtzeko «obligazioa» dutela. Sanchez presidente izendatzen baldin badute —datozen egunetan da egitekoa inbestidura saioa—, frankismoaz geroztik aurrenekoz edukiko du Espainiak koalizio gobernu bat.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin eta bi egun geroago, joan den azaroaren 12an aurkeztu zuten biek aurreakordioa, eta orduan plazaratutakoa osatu dute dokumentu berrian. Hori sinatzeko agerraldia egin dute Espainiako Kongresuan. Sanchezen arabera, «behar gehien duen jendeaz» arduratzeko asmoa dute; adierazi du «aurrera» egin nahi dutela, baina «inor atzean utzi gabe».

Iglesiasen ustez, koalizioak uztartu egiten ditu PSOEren «eskarmentua» eta UPren «freskotasuna». UPko idazkari nagusiarentzat, azken hamarkada murrizketena izan da, baina agerraldian —kazetariek ezin izan dute galderarik egin— esan du asko izan direla Espainian kontrakoa gertatu «ahal dela» aldarrikatu dutenak. Hori dela eta, plazaratu du aldarrikapen horiek «gobernu ekintza» bilakatzea izango dela koalizioaren erronka nagusia. Eta Iglesiasen esanetan, horien bidez intentzio bat du koalizioak: Europan erreferente bilakatzea justizia sozialeko politiketan, politika feministetan eta klima larrialdiaren aurkako borrokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.