Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek «atsekabea» agertu du Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzaren inguruan. «Biziki sentitzen dut Igor Gonzalez hil izana», esan du Espainiako Senatuan, EH Bilduko senatari Gorka Elejabarrietak egindako galderari erantzunez. Edonola ere, ez du inolako erantzukizunik hartu nahi izan presoaren heriotzaren gainean: esan duenez, Espainiako espetxeetan suizidio tasak Europako Batasunekoak baino apalagoak dira —Espainian, 6,4 kasu 10.000 presotik; EBn, 7,2—, preso guztiei «banakako tratamendua» ematen zaie, «inongo kolektibo edo multzoko kidetzat hartu gabe», eta Gonzalez Solaren kasuan ere hala jokatu zuten Martuteneko espetxera lekualdatzea erabaki zutenean. «Espetxe erakundeek emandako tratua zuzena izan da beti», esan du Sanchezek.
Espainiako presidenteak Senatuan eginiko ezohiko agerraldia aprobetxatu du asteartean Elejabarrietak presoaren heriotzaren inguruan galdetzeko. Haren ustez, Gonzalezen heriotza eragotzi zitekeen, Espainiako eta Europako Batasuneko legedia aplikatu izan balitz: «Gaixo zegoen, eta iraganean hainbat aldiz bere buruaz beste egiten saiatu zen; zigorraren hiru laurdenak beteak zituen, eta aske behar zukeen».
ETAk jarduera armatua duela ia hamarkada bat eten zuela ere azpimarratu du senatariak, eta adierazi PSOEk espetxe politika aldatzeko «konpromisoa» hartu zuela orduan. Elejabarrietaren esanetan, ordea, presoen eskubideak «urratzen» dituzte oraindik: «Are gehiago pandemia garai honetan». Gaineratu du «presoen afera» konpondu gabe «ezinezkoa» dela bakerantz aurrera egitea: «Egungoaren aurkako espetxe politika bat behar dugu».
Espainiako presidenteak bere erantzunean adierazi du euskal presoei lotutako «90 ekintza» egin dituztela, guztiak «modu indibidualean» eta «legedia eta giza eskubideak betez». Banakako arreta horren adibide gisa jarri du Gonzalezen kasua. Euskal presoa uztailean mugitu zuten Martuteneko (Gipuzkoa) espetxera. «Presondegiko egoera eta egoera pertsonala kontuan izanik», azpimarratu du Sanchezek: «Aurreko asteko zoritxarreko gertakariak hobetzeko balio behar digu, baina, espetxe agintaritzaren aldetik, arreta egokia eman zaio Igor Gonzalezi».