Adingabeen kontrako sexu erasoak, bortxaketa saiakera bat kalean, polizia erasotzaileen kasuak eta hiru hilketa matxista. Emakumeen kontrako indarkeria «latza» izan da aurten Nafarroan, Iruñerriko Itaiak salatu duenez. «Matxismoa gogortu da, ideia faxista eta matxisten zabalpenaren ondorioz». Gogoratu dute, halaber, bortizkeria matxista ugaritu eta indartu egiten dela bestetan; hala, horren kontra mobilizatzeko beharra dagoela nabarmendu dute, eta mobilizaziora deitu dute uztailaren 4rako: Iruñeko Udaletxe plazatik hasiko da, 18:30ean.
Hain zuzen, sanferminetako talde bortxaketa izan zenetik hamar urte beteko dira aurten. 2016ko sanferminetako lehen gauean, bortz gizonek emakume gazte bat bortxatu zuten Iruñeko atari batean. Bortxaketa grabatu egin zuten, eta, horren ondoren, biktimari telefonoa lapurtu. Handik gutxira atxilotu zituzten. Iruñerriko Itaiak gogoratu du ordu hartan «erantzun irmoa eta jendetsua» eman zela, eta badela garaia indarkeria matxistaren kontra berriz ere kaleak hartu eta «bertan posizioak irabazteko».
Sanferminetan emakumeen kontrako erasoak areagotu egiten direla erran du antolakundeak, eta eraso matxista ororen kontra egiteko deia egin. «Guztion ardura da erasoei aurre egitea eta erasotzaileen aurka posizionatzea», borobildu dute.

