Sanferminetan «arduraz» jokatzeko eta sexu erasoak gaitzesteko deia egin du Iruñeko Peñen Federazioak

Festek «pozerako, askatasunerako eta elkarbizitzarako espazio seguruak» izan behar dutela aldarrikatu dute, eta gizonei exijitu diete dagozkien ardurak hartzeko eta indarkeria matxisten konplize ez izateko.

Iruñeko peñen federazioak sexu erasoen aurka antolatutako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko peñen federazioak sexu erasoen aurka antolatutako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
maddi iztueta olano
2026ko ekainaren 27a
16:27
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argi esan dute: «Irmoki gaitzesten dugu aurtengo sanferminetan gertatu daitekeen ezein sexu eraso». Iruñeko Peñen Federazioak elkarretaratzea egin du gaur goizean, 10:30ean, Iruñeko zezen plazaren aurrean, eta sanferminetan «arduraz» jokatzeko eta sexu erasoak gaitzesteko deia egin du. «Festek pozerako, askatasunerako eta elkarbizitzarako espazio seguruak izan behar dute; eta askatasuna soilik da posible pertsona guztiek beldurrik, abusurik eta indarkeriarik gabe ondo pasatzeko aukera dutenean», esan dute. 

2016ko sanferminetako talde bortxaketatik hamar urte beteko dira aurten, eta Iruñeko Peñen Federazioak nabarmendu du sexu erasoak ez direla ez gertakari isolatuak, ez arazo indibidualak, gizartean errotuta dagoen desberdinkeria baten ondorio baizik. «Eta kolektiboki egin behar diegu aurre», gehitu dute. Gogorarazi dute horretarako ez dela nahikoa erasorik ez egitea; kontrara, ezinbestekoa dela ezein jarrera sexista atzeman eta salatzea: «Isilik geratzea ezin da inoiz aukera bat izan». 

Hain justu, elkarretaratzean herritar guztiei mintzatu zaizkien arren, sexu erasoen eta indarkeria matxistaren auzian gizonek duten erantzukizuna eta ardura aipatu dituzte preseski. «Autokritika egiteko» eta «ardurak hartzeko» exijitu diete: «Auzitan jarri behar dira denbora luzez normalizatu edo isildu egin diren jarrerak, ekintzak eta konplizitateak».

Sentsibilizazioa eta elkarlana

Sexu erasorik gabeko festak izatea da helburua, eta horretarako sanferminetan parte hartzen duten instituzio, kolektibo eta agente guztien arteko «elkarlana eta konpromisoa» behar-beharrezkoak direla uste du Iruñeko Peñen Federazioak. Zehazki, hau betetzeko deia egin du: «Prebentzioa sustatu, sentsibilizazioa bultzatu eta sexu erasoen biktima izan diren emakumeak lagundu». Hala, nabarmendu dute Iruñeko Peñen Federazioa «babeserako sare bat» dela eta «irmoki» erantzungo diola ezein ekintza matxistari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA