Sanferminetan «eremu publikoa okupatzera» deitu dituzte emakumeak

Agerraldia egin dute Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak, Peñen Federazioak eta Iruñerriko Mugimendu Feministak. Erasoen berri emateko baliabideak jarriko dituztela adierazi dute. Mobilizazioa egingo dute etzi gauean.

Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak, Peñen Federazioak eta Iruñerriko Mugimendu Feministak agerraldia egin dute gaur Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak, Peñen Federazioak eta Iruñerriko Mugimendu Feministak agerraldia egin dute gaur Iruñeko Udaletxe plazan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko uztailaren 2a
19:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau egun besterik ez da falta Iruñeko sanferminei hasiera emateko. «Jai giro seguru eta gozagarrien alde», agerraldia egin dute gaur Udaletxe plazan, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak, Peñen Federazioak eta Iruñerriko Mugimendu Feministak deituta. Jai eremuetan gertatzen diren eraso sexistak bukatzeko egindako berrikuntzak aurkeztu dituzte, eta emakumeei dei egin diete «eremu publikoa» okupa dezaten: «Dei egiten diegu emakumeei, sanferminez nahi duten moduan eta nahi dutenarekin goza dezaten, sanferminak ere gureak direlako».

Indarkeria Sexistaren Kontrako Plataformako Kenia Cordero Rusek eta Iratxe Alvarez Reoyok gogoratu dutenez, hamahiru urte igaro dira Gora Iruñea taldeak eta plataformak berak eraso sexistei erantzuteko protokoloa eratu zutenetik. Ordutik, protokoloa garatuz joan dira. Izan ere, Corderok eta Alvarezek jakinarazi dute pandemia eta Gora Iruñea taldea desagertzea mugarriak izan direla, eta protokoloa «sakon» berrikusten ari direla orain.

Aurtengo sanferminetan ezingo dute protokolo berria erabili. Hala ere, Corderok eta Alvarezek esan dute aurreko urteekin alderatuta aldaketa batzuk egongo direla. Jakinarazi dute protokoloaren ardura plataformak izango duela. Horrez gain, gogoratu dutenez, «mugimendu feministaren borrokari esker», arreta eskaintzen duten baliabide publikoak egongo dira eskuragarri. Iruñeko Udalak ere baditu baliabide propioak sanferminetarako, baita 24 orduz zabalik dagoen SIAIZ sexu indarkerien arreta integraleko zentroa ere. Aurreko urteetan bezala, udalarekin koordinatuta egongo dira.

«Emakumeok indarkeria pairatzen dugu, urteko beste garaietan bezala, guganako indarkeria estrukturala eta unibertsala delako»

KENIA CORDERO RUS ETA IRATXE ALVAREZ REOYOIndarkeria Sexistaren Kontrako Plataformako kideak

Bestalde, mugimendu feministak telefono zenbaki bat (660 34 46 92) eta helbide elektroniko bat ([email protected]) jarriko ditu eskura, «emakumeek eta sexu-genero disidenteek, nahi izanez gero, euren erasoen berri eman diezaioten mugimendu feministari». Ohiko lekuetan jarriko dituzte horren berri emateko kartelak; besteak beste, tabernetan eta peñetan. Dekalogo bat ere banatuko dute, eraso matxista bat badago nola jardun azaltzeko.

Aldaketen berri emateaz gain, Corderok eta Alvarezek haientzat «oso garrantzitsuak» diren bi ekintza aipatu dituzte. Alde batetik, mobilizazioa egingo dute etzi. Baratxuri plazatik abiatuko dira, 23:00etan, Matxirulos, se os acabó la juerga; feministok antolatuta gaude lelopean. Bestetik, Feministok Fest egingo dute hilaren 11n. Plataformako kideek dei egin diete emakumeei jaiez goza dezaten, eta «jaiak askatasun osoz» bizi ditzaten. Gizonei, berriz, esan diete lagunen jokabide matxistei erantzuna eman diezaietela, eta konplizitatea amai dezatela. 

Hedabideen ardura

Hedabideei ere ohartarazpen bat egin diete Corderok eta Alvarezek. Esan dute haien lana garrantzitsua dela indarkeria matxistaren kontra borrokatzeko, eta ardura ere badutela prebentzio eta kontzientziazio lanetan. Horrez gain, gogoratu dute indarkeria matxista jorratzeko modu batzuek «mesede gutxi» egiten dietela lanbideari, gizarteari eta bereziki erasoak jasan dituztenei. 

«Ez du zentzurik une oro erasoen zenbaketa egiteak; ezin dugu ahaztu zenbaki bakoitzaren atzean eraso egin dioten emakume bat dagoela eta erasoen gehiengoa ez dela salatzen», adierazi dute. Horiek horrela, zenbakiez harago, mugimendu feministak egiten duen lana nabarmendu beharra dagoela adierazi dute, baita hiritarrek erasoei ematen dieten erantzuna ere. Izan ere, hiritarrei dei egin diete orain arte bezala erantzuten jarrai dezaten.

Corderok eta Alvarezek argi utzi dute erasoak ez direla gertatzen sanferminak direlako: «Emakumeok indarkeria pairatzen dugu, urteko beste garaietan bezala, guganako indarkeria estrukturala eta unibertsala delako. Hau ez da gertatzen sanferminak direlako. Ez dira sanferminak, sistema patriarkala da, eta hori balioztatzen duten estruktura guztiak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.