Martxoan Santanderko kostaldean sei pertsonaren heriotza —tartean hiru euskal herritarrena— eragin zuen istripuaren inguruko txostena osatu du peritu judizialak. Hainbat hedabidek azaldu dutenez, itsasora eroritako pasabidearen burdinazko lotuneak ugertuta zeuden, eta, horren ondorioz, egitura osoak huts egin zuen. Perituak nabarmendu du korrosioa «agerikoa» zela: «Ez litzateke oharkabean pasatuko zubia begiz ikuskatzean, izan taularen azpitik, izan albo batetik». Hala, ondorioztatu du ikuskatze lana «zabarra» izan zela, «egin baldin bazen», eta mantentze lana ere ez zela «nahikoa» izan.
El Bocal eremuan izan zen ezbeharra, martxoaren 3an. Gazte batzuk pasabidea gurutzatzen ari zirela, egitura hautsi egin zen, eta gazteak amildu egin ziren. Bost lagun orduantxe hil ziren, eta seigarrenaren gorpua egun batzuk geroago aurkitu zuten, uretan. Biktimetako hiru bizkaitarrak ziren: Barakaldoko bi neska, 19 urtekoak, eta Balmasedako mutil bat, 21 urtekoa. Lanbide Heziketa ikasten ari ziren denak Kantabrian (Espainia).
Pasabideak bi lur zati lotzen zituen itsaso gainetik; egurrezkoa zen, eta burdinazko pieza batzuek lotzen zituzten plataformaren habeak eta plataforma bera lurrarekin. Pieza horiek huts egin zuten, perituaren txostenaren arabera: korrosioaren ondorioz, burdinazko piezek ezin izan zieten eutsi habeen arteko loturei, eta lehen hausturak kate erreakzio bat eragin zuen gainerako loturetan, plataforma erortzerainokoa.
Perituak nabarmendu du burdinazko piezen korrosioa «agerikoa» zela: «Ez litzateke oharkabean pasatuko zubia begiz ikuskatzean, izan taularen azpitik, izan albo batetik».
Perituak ezin izan du zehaztu zer piezak huts egin zuen lehenik, baina uste du erdiko habeko lotunean gertatu zela haustura. Edonola ere, azpimarratu du burdinazko piezak nabarmen hondatuta zeudela, eta, horren seinale, azaldu du piezetako bat «atzamarren artean desegin» zitzaiola eskuan hartu zuenean.
Era berean, perituak adierazi du ez duela aurkitu pasabidearen mantentzearen inguruko plangintzarik, baina, edonola ere, azpiegitura ez zela behar bezala zaindu. Txostenean jaso duenez, 2024an konponketa batzuk egin zizkioten, barandetan batez ere, baina ez zioten erreparatu ez egurrezko egiturari, ez burdinazko lotuneei: «Ez zen inolako lanik egin pasabidearen egitura segurua izan zedin bermatzeko».
Kexak, aspalditik
Istripua gertatu eta gero, herritarrek jakinarazi zuten pasabidea aspalditik zegoela egoera txarrean. Izatez, ezbeharraren bezperan bertan bizilagun batek larrialdi zerbitzuetara deitu zuen, plataforma haustear zela ohartarazteko, baina kexa hura ez zen behar bezala tramitatu, Gema Igual Santanderko alkateak berak (PP) gerora onartu zuenez; udalak txosten bat zabaldu du dei hura jaso zuen udaltzainaren aurka.
2014an jarri zuten pasabidea, eta 2017tik berritu gabea zen. Azpiegituraren gaineko eskumena Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioarena da, Kosta Zuzendaritzarena zehazki, auzia ikertzen ari den instrukzio epaileak jada argitu duenez. Hark ere zabarkeria zantzuak antzeman ditu —besteak beste, horregatik eskatu zuen perituaren txostena—, eta ministerioko bi funtzionarioren jarduna ikertzen ari da.