Santi Gonzalez abokatuaren kontrako errepresioa salatu dute Bilbon

Asteartean atxilotu zuten Gonzalez, ustezko antolakunde kriminal bateko kide izatea leporatuta. Asteazkenean askatu bazuten ere, haren aurkako prozedurak aitzina segitzen du.

Santi Gonzalezen atxiloketa salatzeko prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Santi Gonzalezen atxiloketa salatzeko prentsaurrekoa, gaur, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 20a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den asteartean atxilotu zuten Santi Gonzalez abokatua, eta haren kontrako errepresioa salatu dute gaur, Bilbon. Hain zuzen ere, Gonzalez atzo askatu bazuten ere, haren aurkako prozedurak aitzina segitzen du: ustezko antolakunde kriminal bateko kide izatea leporatzen diote, bai eta «immigrazio irregularra sustatzea eta faltsutasun delituak egitea» ere.

Gaur Bilbon elkartu diren herritarren artean, salatu dute «pertsona migratuen erregularizazioan egiten duen lanagatik» atxilotu dutela Gonzalez. Horri begira, gaitzetsi dute Espainiako Poliziak haren etxea eta bulegoa miatu izana, baina ez hori bakarrik: baieztatu dutenez, «egozten zaizkion delituekin zerikusirik ez zuten espedienteak ere konfiskatu zituzten» asteartean.

Santi Gonzalezek ere, gaur goizean egindako prentsaurrekoan, bere izenez salatu ditu jokamolde horiek, «familiaren zein bere bezeroen intimitatearen aurkako erasoa» izan direlako. Bere abokatuarekin eta eragile antirrazistekin batera emandako prentsaurrekoan, azpimarratu du erabat baliogabetu dutela sekretu profesionalak emandako babesa.

Haren abokatuak salatu duenez, eta herritarrek gaur Bilbon azpimarratu dutenez, «atestatuaren edukian atzerritartasunaren alorrean abokatu batek egindako lana baino ez da ageri». Hala, «azpijoko juridiko-poliziala» salatu du Gonzalezen abokatuak, «zaurgarrienez baliatu nahi duten mafiei dagozkien akusazioak egin baitizkiote sektore zaurgarri baten bizi baldintzak hobetzearen alde lan egiten duen abokatu bati».

Alde horretatik, abokatuak zehaztu du elkartasunaren eta eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa dela atxiloketa.

Egoera orokorragoari begira jarri zaio gero, eta «langile migranteen egoeran Europako Batasunak eta Espainiak duten erantzukizuna» salatu du, «Mendebaldeko herrialdeen jardun inperialistak eragindako krisiek, migranteak sorterritik ihes egitera behartzeaz gain, haien esplotazioa eta zapalkuntza betikotzen» dituztelako.

Eraso horiek ikusirik, hala abokatuak nola herritarrek ezinbestekotzat jo dituzte langile klasearen batasuna eta langile migranteekiko elkartasuna; haien aurkako errepresioa etetea galdegin dute. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA