Cerdanek espetxean jarraituko du Espainiako Auzitegi Gorenak defentsaren helegitea baztertuta

Defentsak helegitea aurkeztu zuen PSOEko antolakuntza idazkari ohia espetxeratzeko aginduaren aurka. Abokatuek argudiatu zuten ez zegoela frogak deusteztatzeko arriskurik. Auzitegi Goreneko Apelazio Aretoaren ustez, ordea, egon badago arriskua.

Santos Cerdan Auzitegi Gorenera sartzen ari zela, ekainaren 30ean. SERGIO PEREZ / EFE
Santos Cerdan Auzitegi Gorenera sartzen, ekainaren 30ean. SERGIO PEREZ / EFE
kristina martin
2025eko uztailaren 23a
13:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Espainiako Auzitegi Goreneko Apelazio Aretoak ez du aintzat hartu Santos Cerdanen abokatuek espetxeratzeko aginduaren aurka aurkeztutako helegitea, eta, hortaz, PSOEko antolakuntza idazkari ohiak espetxean jarraitu beharko du. Cerdanen auziaren instrukzioa egiten ari den Leopoldo Puente epaileak behin-behineko eta fidantzarik gabeko kartzelatzea agindu zuen ikertuarentzat ekainaren 30ean. Talde kriminal bateko kide izatea, influentzia trafikoa eta eroskeria egotzi zizkion. Instrukzio epaileak argudiatu zuen frogak deuseztatzeko arriskua zegoela.

Cerdanen defentsa abokatuek, Benet Salellasek eta Jacobo Teijelok, helegitea aurkeztu zuten epai horren aurka, uste zutelako ez dagoela arrisku hori. Abokatuen arabera, espetxean denetik Cerdanek familiaren esku utzi du sakelakoa, eta ordutik etxean dago telefonoa. Familia etxez aldatu da egunotan, eta aldaketa horren berri eman dute. Hala ere, Gorenak orain arte ez die ezer eskatu. «Errugabetasun presuntziotik itsuskeriaren presuntziora pasatu gara», esan dute abokatuek.

Apelazio Aretoak, baina, Puente epailearen argudioa berretsi du. «Arrazoizkoa da instrukzio magistratuaren argudioa, ikerketa modu larrian eta atzeraezinean baldintzatzeko arriskua dagoela». Defentsaren arabera, neurri hori gehiegizkoa da, Cerdani delituak egozteko nahiko zantzurik ez dagoelako. Apelazio Aretoak, berriz, argudiatu du «ugariak eta sendoak» direla Cerdanen parte hartzearen aztarnak. Autoaren arabera, horren erakusleak dira ikertutakoen telefono bidezko elkarrizketak. Grabazioak Koldo Garciaren etxean konfiskatu zituen poliziak, eta «ikertzen ari diren errealitatea baieztatzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.