PSE-EEk ahalbidetu zuen EAJko Itziar Carrocera Santurtziko alkate izendatzea, martxoan, haren alderdikide Karmele Tubillak dimisioa eman baitzuen. Baina, ordutik hona, sozialistek ez dizkiote gauzak batere erraz jarri agintari berriari. Udaltzainen hautaketa prozesuan izandako ustezko irregulartasunak argitara atera zirenean utzi zuen kargua Tubillak; eta auzi horrek berak apurtu ditu jeltzaleen eta sozialisten arteko harremanak, Ezkerraldeko hiribilduan. Gaurko udalbatzarrean, EH Bildu, Elkarrekin Ahal Dugu eta PPrekin batera onartu du PSE-EEk ustezko irregulartasun horiek ikertzeko batzorde bereziaren ondorioen txostena: besteak beste, ondorioztatu du informazio garrantzitsua «modu interesatuan erabili eta ezkutatu» zela.
Udaltzaingorako lan eskaintza publiko bateko azterketa baten filtrazioa ikertzen aritu da udal batzorde bat azken hilabeteetan, eta, Tubillak dimisioa eman zuen egun berean, Sonia Lopez Santurtziko Segurtasun zinegotzi ohia (EAJ) han aritu zen. Lopezek dimisioa eman zuen aurretik, ustez filtrazio horrekin zerikusia izan zuelako, bikotekideari —udaltzaina bera— mesede egiteko. Hark ziurtatu zuen «presio politikoa» egin ziotela udaltzaingoaren lan eskaintza publikoan «soslai jakin batzuen alde» egiteko.
Guztira, bost saio izan ditu batzorde horrek; martxoaren 14an egin zuten azkena. Egun hartan, EH Bilduk osoko zuzenketa bat aurkeztu zion EAJren udal gobernuak aurkeztutako ondorioen txostenari, eta PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k bat egin zuten subiranisten proposamenarekin. PPko zinegotzi bakarra ez zen saiora aurkeztu. Bada, osoko zuzenketa jasotzen duen txostena da gaur eztabaidatu dutena: besteak beste, «erakundeen konfiantzaren haustura larria» izan dela nabarmentzen du txostenak, eta jeltzaleei leporatzen zaie «informazio garrantzitsua alderdikeriaz eta modu interesatuan erabili, ezkutatu eta desitxuratu izana».
Egitateen larritasuna
Bai udal gobernuak, bai oposizioa osatzen duen gehiengoak egiaztatu dute ez dela aukerarik izan hautaketa prozesuari lotutako filtrazioak daudela baieztatzen duen «froga egiaztaturik» aurkitzeko udalak dituen bitartekoen bidez. Bide berean, egindako jardueren azterketatik ondorioztatzen denez, «ez da inolako zantzu objektiborik edo ebidentziarik aurkeztu hautaketa prozesuan parte hartzeko aukera berdintasuna urratu dela ziurtatzeko».
Hala ere, denak bat datoz deklarazio batzuetan eta aurkeztutako mezu elektronikoetan «inkongruentziak» daudela, eta, beraz, Bizkaiko Fiskaltzak argitu beharko du erantzukizun penalik dagoen ala ez. EAJk berak jo zuen fiskaltzara.
Bizkaiko Fiskaltzak argitu beharko du erantzukizun penalik dagoen ala ez
Martxoaren 14an onartutako zuzenketan baieztatzen denez, «azterketa baten konfidentzialtasunari buruzko arriskua beharrik gabe areagotu duten erabaki politikoak egon dira, eta krisi honen kudeaketa politikoa eskasa izan da, eta ez du beharrezko gardentasunik izan».
Are, azpimarratu dute «filtrazioaren froga eztabaidaezinik ez egoteak» ez duela ezabatzen «egitateen larritasuna, ezta sinesgarritasun instituzionalari egindako kaltea ere».
Txostena desitxuratzeko ahalegina
Gaurko saioan, ikerketa batzordearen ondorioen txostena «urardotzen» ahalegintzea egotzi diote gainontzeko taldeek EAJri. Besteak beste, txostenean auzi horrek eragindako «krisi instituzionalari» aipamena egiten dioten testu zatiak kentzen saiatu dira jeltzaleak, horretarako hainbat zuzenketa aurkeztuz. «Txostenak frogatutako egitateak fidelki jaso ditzala nahi dugu, eta irakurketa politikoak alde batera utzi», adierazi du Edorta Rodrigo EAJko bozeramaileak. EH Bilduk, PSE-EEk, Elkarrekin Ahal Dugu-k eta PPk, ordea, atzera bota dituzte zuzenketa denak.
Oposizioko talde guztiek gaur ere nabarmendu dute gertakariek «larritasun instituzional nabarmena» dutela. Luis Angel Urdiales PPko zinegotziaren ustez, hori Sonia Lopez Segurtasun zinegotziaren kargugabetzean islatu da, «zeinak orduko alkatearekin harreman estua baitzuen»; eta Tubillaren beraren ezusteko dimisioan, «zeinak agerian utzi baitzuen EAJren barne krisia». Azpimarratu duenez, Santurtziko alkate batek dimititzen duen lehenengo aldia izan da.
Are, zera egotzi die Juan Andrade PSE-EEko bozeramaileak jeltzaleei: «Auzia argitara atera aurretik zer gertatzen ari zen jakin arren, ezertxo ere ez egitea». «Bazekiten azterketaren zaintza katea hautsi egin zela hori argitara atera baino hilabete eta erdi lehenago. Zerbait egiteko denbora nahikoa», azaldu du.
Txostenean jartzen du ikerketa lanak erabat itxitzat jo aurretik agerraldi eta argibide jakin batzuk osatzeko aukerari eutsiko zaiola
Gainera, oposizioko talde guztiek uste dute batzordean oposizioak eskatutako agerraldi jakin batzuk egin ez izanak eta batzordeko lehendakaritzak ikerketa fasea ixteko hartutako «aldebakarreko» erabakiak mugatu egin dutela haren irismena. Haien iritziz, batzordeak ez ditu auzia argitzeko arrazoizko aukera guztiak baliatu: «Ez dakigu benetan zer gertatu zen», esan du Naiara Gutierrez EH Bilduko zinegotziak. Besteak beste, Karmele Tubilla alkateordearen agerraldi bat falta izan dela nabaritu dute, hark idatziz eman baitzituen azalpenak, «galderak egiteko edo eztabaidarako aukerarik utzi gabe», Ainhoa Lopera Elkarrekin Ahal Dugu-ko eledunak zehaztu duenez. Langileen Arloko udal zuzendaria ere ez zen batzordera aurkeztu, bajan dagoela argudiatuta.
Horregatik, udal gehiengoak babesten duen txostenean jartzen du ikerketa lanak erabat itxitzat jo aurretik agerraldi eta argibide jakin batzuk osatzeko aukerari eutsiko zaiola. Horrenbestez, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Ahal Dugu eta PPko hamahiru zinegotzien aldeko botoa izan du txostenak, eta EAJko zazpien kontrakoa.