Itziar Carrocera jeltzalea izendatu dute Santurtziko alkate, PSE-EEk zuri bozkatuta

EH Bilduren hautagaiak bozketa irabazi arren, ez du lortu aginte makila EAJri kentzeko behar zuen gehiengo osoa. Ondorioz, jeltzaleek jarraituko dute agintean, 2023ko udal hauteskundeak haiek irabazi baitzituzten.

Itziar Carrocera gaur, Santurtziko aginte makina eskuan. SANTURTZIKO UDALA
Itziar Carrocera gaur, Santurtziko aginte makina eskuan. SANTURTZIKO UDALA
14789412 kepa
Santurtzi
2026ko martxoaren 5a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

PSE-EEko zinegotzien esku zegoen Santurtziko (Bizkaia) udaletxeko leihoak zabaldu eta haize berria sartzeko modua ematea, baina boto zuria eman dute bost zinegotzi sozialistek. Horiek horrela, EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k batutako zortzi botoak ez dira nahikoa izan koalizio abertzaleko hautagai Miren Matanzasi aginte makila emateko, nahiz eta jeltzaleen hautagai Itziar Carrocerak baino bi boto gehiago eskuratu dituen. Horretarako, 21 zinegotzietatik 11ren babesa behar zuen Matanzasek. Halakorik ez da gertatu, ordea, eta EAJren esku jarraituko du Santurtziko alkatetzak; 2023ko udal hauteskundeetan boto gehien eskuratu zuen alderdi politikoaren esku, alegia.

Karmele Tubillaren dimisioaren ondotik, beste alkate bat izendatu behar zuen udalbatzak. Ikusteko zegoen PSE-EEk zer jarrera izango zuen. Izan ere, sozialisten idazkari nagusi Eneko Anduezak agindu zuen Santurtziko udal gobernuak jeltzaleen esku jarraituko zuela, haren alderdiak EAJrekin itun estrategikoa duelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Santurtziko zinegotzi sozialistek, ordea, alkate izateko «inhabilitatutzat» jo zituzten EAJko zinegotzi guztiak, Tubillaren inguruko eskandaluaren ondoren.

Udaltzaingoaren lan eskaintza publiko bateko azterketa baten filtrazioa ikertzen ari da udal batzorde bat, eta Tubillak dimisioa eman zuen egun berean, Sonia Lopez Santurtziko Segurtasun zinegotzi ohia (EAJ) han aritu zen. Lopezek dimisioa eman zuen aurretik, ustez filtrazio horrekin zerikusia izan zuelako, bikotekideari —udaltzaina bera— mesede egiteko. Hark ziurtatu zuen «presio politikoak» jaso zituela udaltzaingoaren lan eskaintza publikoan «soslai jakin batzuen alde» egiteko.

Gaia hizpide izan dute gaurko bilkuran. Batetik, EH Bilduko Matanzasek zera adierazi du: «Ikusteko dago. Espero dugu datorren astean batzordean saio berri batera deitzea». Eta horretaz mintzatu da PPko zinegotzi bakarra ere, Luis Angel Urdiales: EAJ ikerketa batzordea «ixten» ahalegindu dela salatu du. PPko zinegotziak bere burua aurkeztu du alkate izateko, baina bere botoa bakarrik eskuratu du.

Gutxiengoan berriro

Hitza hartu bezain laster, Juan Andrades sozialisten bozeramaileak argi utzi dio EAJri ez zituela haien botoak jasoko, ez dutelako jeltzaleen jarduna babesten. «Gutako zinegotzi bakoitzak kontzienteki eta askatasun osoz bozkatuko du», iragarri du. Era berean, baina, hitzaldian ez du argitu EH Bilduko hautagaia babestuko zuten ala ez. Bozketan jakin da zinegotzi sozialisten erabakia: ez dute babestu EAJren alkategaia, Carrocera, baina aginte makila hari eman diote boto zurien bidez, eta EAJk Bizkaiko udalerri handienetan bosgarrena gobernatzen jarraituko du; baina orain arte bezala, gutxiengoan. Hala, sozialistek oposizio lanari eutsiko diote, eta Andradesek argi utzi du haien helburua dela alkatetza lortzea 2027ko maiatzeko udal hauteskundeetan.

Alkate gisa egin duen lehen hitzaldian, Carrocerak zera eskatu die gainerako udal taldeei: «Konfiantza, ez konfiantza itsu bat, baizik eta umiltasunetik eta hurbiltasunetik lider izan naitekeela erakusteko aukera». Eskaera bera egin die jeltzaleen kudeaketarekin pozik ez dauden auzo elkarteei. «Santurtzik gure onena merezi du. Egonkortasuna, ilusioa eta proiektu partekatua merezi ditu», gehitu du. Aldez aurretik, taldeen txandan, onartu du udal gobernuaren eta oposizioaren arteko harremana ez dela «egokia izan une batzuetan».

Herritar talde bat, gaur goizean, udaletxearen aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Herritar talde bat, gaur goizean, udaletxearen aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Eztabaidan, «lema hartzeko» prest azaldu da EH Bilduko Matanzas ere. Koalizio subiranistako ordezkariaren hitzetan, «udal administrazioa kolapsatuta dago, eta ez da gai herritarren beharrei erantzuteko». Horregatik, Elkarrekin Ahal Dugu-rekin lortutako akordioari balioa eman dio, eta PSE-EErekin ados jarri ezin izana deitoratu du. Hala eta guztiz ere, eskerrak eman dizkie sozialistei gaia jorratzeko biltzeagatik.

«Zorte on»

Carrocerari «zorte ona» opa dio Matanzasek, «behar izango baitu, gauzak benetan aldatu nahi baditu». Hala ere, EH Bildukoak nabarmendu du 2027ko udal hauteskundeetarako urtebete baino apurtxo bat gehiago baino ez dela geratzen. Alkate berriari «aukera bat» emango diote, baina subiranistek ez dute «aldaketa handirik» espero, «udal gobernuan jende berberak jarraituko baitu». Esaterako, gaur arte Kultura, Kirol eta Euskara zinegotzia izan da Carrocera. Aurrez, 2019tik 2023ra, Berdintasun eta Gizarte Ekintza Saila zuzendu zuen, eta 2019tik 2020ra Begoñako Andra Mari egoitzako presidente ere izan zen.

Matanzasek aitortu du alkatetza eskuratu ez arren bozketa irabazi izanarekin «oso pozik» dagoela: «Gauzak ondo egiten ari garen seinalea da». Udal batzarretik ateratzean, EH Bilduko zinegotziak txaloka hartu dituzte koalizioko jarraitzaileek, eta Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak ere mezua helarazi die sare sozialen bitartez: «EH Bilduren zinegotziak burua tente eta harro atera daitezke kalera, eta santurtziarren berotasuna eta sostengua jasotzen dute. Eguneroko lan militanteak, umiltasunak eta zintzotasunak fruituak ematen ditu».

Carrocerak ere kalean zain zituen bere zaleak, baita hitzarmen baten alde protestan dabiltzan udaltzainak ere. Haiekin hitz egitera gerturatu da alkate berria. «Ospakizun gutxiago eta negoziazio gehiago», aurpegiratu diote udaltzainek Carrocerari. Haien guztien ondoan ziren udal batzar aretora sartzen utzi ez dieten hainbat herritar eta kazetari, tartean TVE eta Hamaika Telebistako kazetariak, eta BERRIAko berriemailea eta argazkilaria. «Aretoa beteta dago, Udalak aurreko egunetan banatu baititu gonbidapenak», esan die atean zegoen langileak.

FISKALTZAK IKERKETA ABIATU DU

Bizkaiko Fiskaltzak Santurtziko Udaltzaingoaren hautaprobetako ustezko irregulartasunak ikertzeko izapideak hasi ditu, iturri judizialek baieztatu dutenez. Udalak aurkeztu du salaketa, otsailaren 20an horixe bera egingo zutela iragarri ostean. Egun horretan prentsa ohar labur batean adierazi zutenez, Segurtasun zinegotzi ohi Sonia Lopezek ikerketa batzordean egindako agerraldiaren ondoren, haren mezu elektronikoak berrikusteko eskaera formala egin zen, eta zinegotzi ohiak onartu egin zuen. Berrikuspen horren ondoren eta udaleko idazkaritza nagusiak gomendatuta, Santurtziko Udalak beharrezko izapideak hasi zituen gertakariak Bizkaiko Fiskaltzaren aurrean aurkezteko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!