Indarkeria matxista

Sara Pinaren hiltzailearen kontra hogei urteko kartzela zigorra eskatuko du fiskalak

Akusazio partikularrak 25 urteko espetxe zigorra eskatu du genero astungarria kontuan izanda.

Sara Pinaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2023ko azaroaren 15a
11:51
Entzun

Nafarroako Fiskaltzak hogei urteko espetxe zigorra eskatuko du auzian, 2022ko urtarrilean Sara Pina hiltzeraino labanaz sastatu zuen gizonaren kontra. Biktimaren familiak akusazio partikularra osatu zuen, eta 25 urteko kartzela zigorra eskatzen dute. Nafarroako Gobernuaren herri akusazioak, berriz, 23 urtekoa. Izan ere, akusazio partikularrak aintzat hartzen du genero astungarria, baina herri akusazioak ez.

Fiskalaren eskaeran jasota dagoenez, zirkunstantzia aringarriak ditu gizonak, droga mendekotasuna duelako. Haren txostenaren arabera, bestalde, emakumea lo zegoela aprobetxatuta, akusatuak gutxienez bost labankada eman zizkion sabelaldean eta hemitoraxean, eta Sara Pinari hiltzerainoko zauriak eragin zizkion. Gizon hori senarra zuen.

2022ko urtarrilaren 10ean hilik azaldu zen Sara Pina, Tuterako Iruñea etorbideko bere etxean. Hilotzak indarkeria zantzuak zituen, labankada arrastoak. Gorpua aurkitu eta berehala hasi zen Polizia Pinaren senarraren bila, hark hil zuela baitzen hipotesi nagusia; biharamunean atzeman zuten, Bordeletik hurbil (Okzitania). Atxilotu zutenetik bi aste igarota, Pinaren senarra Madrilera eraman zuten, eta ondotik Nafarroara ekarri.

Tuterako Auzitegiko 2. Instrukzioko Epaitegian deklaratu zuen, eta epaileak espetxera bidali zuen behin-behinean, bermerik gabe. Auzitegiak adierazi duenez, akusatuak onartu egin zuen Sara Pina hil izana, hura «lo zegoen bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.